'EGUNKARIA AUZIA'

Atxikimendu kanpaina bat hasi dute auzia betiko ixteko eskatzeko

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak pieza ekonomikoaren epaiketa egin edo ez aztertuko du ostiralean. Auzia salatzeko deia egin dute.

2014ko irailaren 16a
07:13
Entzun

Egunkaria auzia ez da amaitu: Espainiako Estatuko Fiskaltzak eutsi egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako auzi nagusitik eratorritako pieza ekonomikoari "auzi nagusiko auzipetuak absolbitu zituzten arren", eta artxibatze eskaera orori jarritako helegiteen bidez iraun du kasuak. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak du orain hitza, eta Juana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarraz epaileek osatutako epaimahaiak ostiralean aztertuko du pieza ekonomikoaren epaiketa egin edo ez.

Egun hori iritsi bitartean, Egunkaria-ren Alde elkarteak hainbat egitasmo antolatu ditu auzipetuei babesa eman eta auzia salatzeko. Besteak beste, atxikimendu kanpaina bat hasi du, epaiketa egin ez dadila eskatzeko. «Ozen esan nahi dugu: Egunkaria auzirik ez zuen inoiz existitu behar, eta auziak, iraun badu ere, 2010ean behin betiko bukatu behar zuen, Auzitegi Nazionalean egindako epaiarekin». Horren harira, elkarteak salatu du «eragin politikoa» duela auziak, eta horren adibide jarri du fiskaltzaren jarrera. «Ez zaigu iruditzen demokraziaren eta zuzenbidearen ondorioa denik Egunkaria auzia, botere betearazlearen estrategiaren eragina baizik». Horrekin batera, elkarteak berriz ere gogoratu du 11 urte daramatzan auziak «kalte pertsonal eta sozial larriak» eragin dituela, eta azpimarratu du «kaltea mozteko era bakarra» dela auzia dagoen horretan bertan behera uztea.

Zortzi dira pieza ekonomikoan auzipetuak: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu. Eta fiskaltzak zigor handiak eskatu ditu: denera, 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioi euroko isuna.

Donostiako Zigor Auzitegiak, joan den ekainaren 4an, itxi egin zuen auzi ekonomikoa, ustezko delituak preskribatutzat daudela iritzita "diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea", baina fiskaltzak apelazio helegitea aurkeztu zuen, eta defentsak, helegite hori inpugnatu.

Mahai ingurua gaur

Atxikimendu kanpainaz gain, mahai inguru bat eta elkarretaratze bat antolatu ditu Egunkaria-ren Alde elkarteak datozen egunetarako. Egunkaria, 11 urte akusatuen aulkian izenburupean, mahai ingurua egingo dute gaur, Donostiako Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan, Mandasko Dukearen kaleko 11. zenbakian, 18:00etan. Hizlari arituko dira Iñaki Esparza EHUko Zuzenbide Prozesaleko katedraduna, Juan Jose Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbidean katedraduna eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidentea. Ostegunean, berriz, elkarretaratze bat izango da auzitegiaren atarian, Kalkutako Teresa plazan "Atotxako futbol zelaia zegoen tokian", 11:30etik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.