Igor Portu atxilotua erietxean

Atxiloketa ez zela bortitza izan ziurtatu du Bergarako Auzitegian gertakarien lekuko izan zen herritar batek

Espainiako Barne Ministerioak Igor Portu eta Mattin Sarasolaren zaurien inguruan emandako azalpena gezurtatzen du Bergarako Instrukzio Epaitegiak jasotako herritar baten deklarazioak. Ez zituztela kontrol batean harrapatu eta atxiloketa ez zela bortitza izan ziurtatu du. Komunikabideen bidez entzuten ari dena gezurra dela iritzita, bere borondatez joan da deklaratzera.

2008ko urtarrilaren 10a
16:54
Entzun
Igor Portu eta Mattin Sarasola gazte lesakarren atxiloketaren lekuko izan zen herritar batek Espainiako Barne Ministerioak gertakari horren inguruan emandako azalpena gezurtatzen duen deklarazioa egin du Bergarako Lehen Instrukzio Epaitegian. Funtsean, atxiloketa ez zutela kontrol batean egin eta ez zela bortitza izan ziurtatu du.

Herritar horrek epaitegian agertu duenez, igande goizeko hamarrak aldera Arrasateko (Gipuzkoa) ikastolaren parean banku baten eserita zegoen, Malvinas esaten dioten parajean, txakurrarekin. Halako batean bi gazte menditik jaisten ikusi zituela adierazi du, eta une horretan Guardia Zibilaren bost ibilgailu azaldu zirela eta motxilak eskatu zizkietela bi gazteei, miatzeko. Halaber, identifikatzeko eta txakurrari eusteko eskatu zioten guardia zibilek lekukoari.

Ondoren, gazteen ibilgailua, Wolkswagen Caddy gris bat, miatu zuten guardia zibilek herritarraren arabera, eta motxiletatik edo autotik izan zen ziurtatzerik ez duen arren, nonbaitetik zelofanean batutako pakete bat atera zutela agertu du. Pakete hori ikustean guardia zibilen buruak bi gazteak eskuburdinak jarrita autoan sartzeko agindu zuela dio herritarrak. Berari nortasun agiria itzuli eta alde egiteko agindu ziotela erantsi du. Hala ere, atxiloketa gertatzen zen bitartean han zegoela eta ikusteko astia izan zuela ziurtatu du.

Deklarazioa egitera zerk bultzatu duen ere zehaztu du herritar horrek deklarazioan: atxiloketaren inguruan komunikabideek zabaldu dutena gezurra dela jakiteak, bai orduari dagokionez -10:00 eta 10:30 artean kokatu du-, bai Guardia Zibilak ustez jarritako kontrolari dagokionez, eta baita ustez atxilotuek jarritako erresistentziari dagokionez ere.

Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak astelehen emandako azalpenen arabera, atxilotzerakoan bi gazteek aurre egin zieten guardia zibilei eta horren ondorio dira dituzten zauriak. Igor Portu Donostiako Ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean dago, besteak beste, saihest bat hautsita eta birika zulatuta. Mattin Sarasolak ere zauriak dituela jaso du Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi medikuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.