ETAko egitura militarreko buruzagia izatea leporatzen diote Aspiazuri. Halaber, 2007ko abenduaren 1ean Capbretonen (Landak, Frantzia) bi guardia zibilen kontrako atentatuan tiro egin zuena Aspiazu dela dio orain Poliziak.
Atxiloketa 03:30ean gertatu zen. Frantziako Poliziaren RAID unitate bereziko poliziak Cauteretseko estudio txiki batean sartu ziren. RAID unitateko poliziez gain, Frantziako SDAT (Terrorismoaren Kontrako Zuzendaritzaordea) eta DCRI (Barne Informazioaren Zuzendaritza Zentrala) zerbitzuek eta Espainiako Guardia Zibilak ere parte hartu zuten operazioan.
Atxiloketa hori egitea igande arratsean erabaki zutela zehaztu zuen Michele Alliot-Marie Frantziako Barne ministroak atzo goizean. Polizia iturrien arabera, Aspiazuk eta Lopezek joan den ostegunean alokatu zuten eski estazioko apartamentu hori. «Haiek han zirela ziurtatu nahi izan dugu, operazioa abiatzeko», argitu zuen Alliot-Mariek. Polizia iturrien arabera, badu aste franko Aspiazu zaintzen zutela. Aspiazuk erabiltzen zituen bi helbide elektronikoren bidez lortu zuten lokalizatzea, polizia iturrien arabera. Hori duela hilabete gertatu zela ere gehitu dute iturri berek. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak azaldu zuenez, Polizia Garikoitz Aspiazurengana matrikula plaka faltsuak zeramatzan auto baten segimenduari esker iritsi zen. Auto hori Peugeot 207 bat zen, duela aste batzuk lapurtutakoa zen eta bera baino askoz zaharragoa zen beste bati zegokion matrikula zeraman.
Espainiaratzeko bidean
Aspiazuk eta Lopezek alokatu zuten estudioan bi pistola, bi ordenagailu, USB giltzak, Miarritze eta Angeluko mapak, 3.000 euro, ileorde bat eta nortasun agiri faltsuak aurkitu zituzten. Etxearen miaketak egun osoa iraun zuen. Bitarte horretan Richelieu karrika, atxiloketa gertatu zen etxekoa, itxirik eduki zuten jendarmeek, eta Cauteretseko sarrera guztiak zorrozki kontrolatu zituzten. Gero Baionako polizia etxera eraman zituzten bi atxilotuak.
Espainiako Justiziak bi atxilotuak entregatzeko eskatuko dio Frantziari. Ez du zehaztu noiz eginen duen, baina Alliot-Mariek ziurtatuko du hori gertatuko dela. Dena den, Aspiazu Frantzian epaituko dute Capbretongo atentatuaren auzian. Beraz, Espainiara entregatu ondoan, Espainiako Justiziak berriz ere itzuli beharko dio Frantziari. Espainiak 22 auzi ditu haren kontra irekirik. Horietariko bat 2001eko azaroan Getxon (Bizkaia) Jose Maria Lidon magistratuaren hilketari lotutakoada. 2002tik zebilen ihesean Aspiazu.