Joan den asteazkenean Basauriko eta Zaballako espetxeetan preso sartu zituzten gazteen senideek Gasteizko eta Bilboko auzitegietan helegitea jarri dute, espetxeratuen egoera irregularra dela argudiatuta. Izan ere, gazteen abokatu Kepa Manzisidorrek adierazi duenez, atxilotu eta 72 ordureren buruan epailearen aurretik igaro behar zuten lau gazteek haien auzibidea berrikustera. Ez da halakorik gertatu, ordea, eta gazteak berehala aske uzteko eskatu dute.
Xabat Moran, Ainhoa Villaverde, Marina Sagastizabal eta Bergoi Madernaz gazteak joan den asteazkenean atxilotu zituzten Bilbon eta Gasteizen, arratsalde hasieran. Beste 24 gazterekin batera, joan den udazkenean epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean, Segiko kidea izatea egotzita. Abenduaz geroztik, sententziaren zain ziren.
Atxilotu eta handik ordu batzuetara eman zuten lau gazteak zigortzen zituen sententziaren berri. Manzisidor abokatuaren arabera, sententzia eskuan, atxilotu zitzazketen gazteak, "baina 72 ordu baino lehenago berrikusi egin behar zen haien egoera". Izan ere, sententzia oraindik ez da irmoa, "eta, beraz, ez da nahikoa gazteen egoera aldatzeko; hau da, bermea ordainduta saihets daitekeen behin-behineko espetxeratzea".