Atxiloketak prozesu demokratikoa oztopatzeko baliatzen dituztela salatu du AAMk
Azkenaldiko atxiloketek helburu politikoa dutela uste dute hainbat alderdi eta eragilek; hain zuzen ere, errepresio politika horren bidez prozesu demokratikoa oztopatzea bilatzen duela Espainiako Gobernuak. Gaur aurkeztu dute Donostian Atxiloketa gehiago ez! Torturarekin amaitu! izenburudun adierazpena, besteak beste, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, TAT Torturaren Aurkako Taldeak, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, Alternatibak eta hainbat sindikatuk sinatu dutena. AAMko Oihana Agirrek esan du "aurrez pentsatuak" eta "ondo kalkulatuak" direla sarekadak: "Ez da kasualitatea [demokratizazio] prozesuak urrats berriak ezagutu ahala Espainiako Gobernua errezeta zaharrekin etortzea".
Orain arteko lorpenak txalotu badituzte ere, egindakoa ez dela nahikoa nabarmendu dute. Prozesu demokratikoa burutuko bada, ez da lekurik izango horrelako errepresio motentzat, eta Espainiako Gobernuari bere politika aldatzeko eskaera "zuzena, irmoa eta argia" egin diote. Horrela egin ezean, "orain arte bezala eraso guziek jarrera argia izango dute parez pare".