Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak Espainiako Gobernuari eskatu dio bakegintzan aurrerapausoak emateko eta "atxilotze politiketara ez mugatzeko". Bakegintzan aurrera egiteko, "bestelako" espetxe politika bat ezartzeko eskatu dio.
Gobernu kontseiluaren ondorengo agerraldian, Erkorekak oroitarazi du "sarritan" eskatu izan diotela Madrili "bestelako jarrera eta kudeaketa bat" espetxe politikaren inguruan, "bakea egonkortzeko" balio lezakeelakoan.
"Gizarteak ez du ulertzen zergatik ETAk oraindik ez duen egin armak emateko urratsa, baina [Espainiako] Gobernua zergatik mugatzen den atxiloketak egitera ere ez du ulertzen", azaldu du Erkorekak.
"ETA bizirik badago eta delituak egiteko arriskua, balizkoa bada ere, egiazkoa bada", atxiloketak "saihestezinak" direla uste du Jaurlaritzako bozeramaileak.