Indarkeria matxista

Atxilotu dute Ziburuko emakume bati labanaz eraso egin zion gizona

Zauri larriak ditu, baina arriskutik kanpo dago biktima. Ostiral gauaz geroztik zebilen Polizia erasotzailearen bila, eta gaur atxilotu dute. 23 urte ditu.

Apirilean Miarritzen hil zuten emakume bat. Orduko elkarretaratzea. BOB EDME
2021eko abuztuaren 21a
21:16
Entzun

Poliziak atxilotu du Ziburun (Lapurdi) 40 urteko emakume bati eraso egin zion gizona. Erasotzaileak 23 urte ditu, eta, lehen informazioen arabera, ez dirudi biktimarekin zuzeneko harremanik zuenik.

Ostiral gauean gertatu zen erasoa, atzo jakin zenez. Etxera heldu zen emaztea, autotik ateratzea besterik ez zuen egin, eta gizon batek buruan kolpe gogor bat eman zion. Emakumea etxera sartu zenean, gizonak labana bat hartu zuen sukaldetik, eta hamar bat labankada eman zizkion biktimari,lehen ikerketetan jaso dutenez. Gero, gizonak alde egin zuen emazte erasoaren bizilekutik, hura han utzita.

Bizilagun batzuek ikusi zuten gizona etxetik ateratzen labana eskuetan zuela, eta poliziei dei egin zieten orduan. Poliziak, etxera sartu zenean, emaztea aurkitu zuen,komuneko lurrean etzanda. Osagileei deitu zieten orduan, eta Baionako Belharra klinikara eraman zuten. Gaur jakinarazi dutenez, biktimak zauri larriak ditu, baina arriskutik kanpo dago.

Baionako poliziak epailearekin harremanetan jarri dira, eta ikerketa bat abiatu dute, homizidio saiakeragatik.

2003tik aurrera, 111 emakume eta 11 ume hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian. Horietatik ia laurdenak, 24, Lapurdin gertatu dira. Ezohiko hilketa kopurua da, Euskal Herriko gainerako lurraldeekin alderatuta. Aurten, orain arte, lau emakume hil dituzte Euskal Herrian, eta eraso horietako bat Lapurdin gertatu zen, joan den apirilean, Miarritzen; gizon batek eskopeta tiroz hil zuen emakumea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.