aurrekariak

Atxilotu dutelako uste okerra zabaldu da aurretik bitan

2015eko urriaren 6a
15:42
Entzun

Frantziako eta Espainiko Poliziak aspalditik zebiltzan Egoitz Urrutikoetxearen atzetik, eta gutxienez bi aldiz hura atxilotu dutela zabaldu izan da. Lehen aldiz iaz eman zuten atxilotutzat, martxoan. Berrogainen (Zuberoa) egin zuten polizia operazioa eta berehala zabaldu zen han atxilotutakoa Urrutikoetxea zela. Etxe batean sartu eta han zegoen pertsona bat atzeman zuten, eta Urrutikoetxea zelakoan eraman zuten atxilotuta polizia etxera. Han identifikatu ondoren, ordea, ez zela bilatzen zuten pertsona egiaztatu zuten. Zuzendu egin zuten gero berria, ordea, eta esan zuten "harekin lotutako pertsona bat" zela atxiki zutena.

Atxilotu dutelako zurrumurrua bigarren aldiz Baigorriko polizia operazioan zabaldu zen. David Pla eta Iratxe Sorzabal atxilotu zituzten, besteak beste, eta horiekin batera hasieran Urrutikoetxea ere atxilotua zutela esan zuten zenbait hedabidek. Josu aita atxilotu zutela esan zuten ondoren. Azkenean, ordea, ez bat eta ez bestea ez zituzten atxilotu eta Ramon Sagarzazu eta Pantxoa Flores atxilotu zituzten landa etxeko jabea izan ziren Pla eta Sorzabalekin batera atxilotuak.

Euroagindu eskaera bat du Urrutikoetxeak bere aurka, eta ETAren buruzagitza politikoko kidea dela nabarmendu zuen Espainiako Barne Ministerioak iaz. Aurrez preso egona da: 2000. urtean, manifestazio batean atxilotu zuten, eta hamar hilabeteko kartzelaldira zigortu zuten, polizia bati eraso egitea leporatuta. Bost hilabetez eduki zuten preso, eta baldintzapean geratu zen aske ondoren, urte bereko abuztuan. Efe berri agentziak iaz polizia iturriak aipatuz zabaldu zuenez, 2003. urtetik dago ihes eginda.

Josu Urrutikoetxearekin ere sartu zuten hanka poliziek iazko uztailean. Ariegen (Frantzia), Andorratik gertu, Frantziako Polizia hura atxilotzen saiatu zela zabaldu zuten berri agentziek, eta etxebizitza bat miatu zutela. Urrutikoetxearen bikotekide Agnes Cerlo atzeman zuten orduan, epaileen baimenik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.