Espainiako Poliziak 44 segurtasun zaindari atxilotu ditu titulu faltsuekin lanean aritzea leporatuta. Atxilotuetako batzuek Gipuzkoan eta Nafarroan lan egin dute, eta bertan atzeman dituzte. Kantabrian eta Errioxan (Espainia) atxilotu dituzte gainerako ustezko gaizkileak. Agiriak faltsutzea, armak baimenik gabe edukitzea eta intrusismoa leporatu diete.
Lehendik datorren ikerketa baten barruan gertatu dira azken atxiloketa horiek. Ekainaren 15ean beste 55 pertsona atxilotu zituzten, Espainian; segurtasun zaindarien tituluak faltsutzea egotzi zieten haiei ere.
Atxilotu horien artean ziren Madrilgo akademia bateko zuzendaria eta irakasle bat. Haiei eta ekaineko beste atxilotuei atzemandako dokumentuen ikerketatik etorri dira atxiloketa berriak, Poliziaren esanetan.
Legez eskatutako trebakuntzarik ez zeukaten pertsonek segurtasun zaindari gisa lan egin ahal izan dute titulu faltsuei esker. Atxilotuek denetariko lanak egin dituzte; segurtasun zaindari, lehergailuen zaindari, detektibe eta bizkartzain pribatu gisa lan egin dute, esaterako, enpresa ugaritan —azken 44 atxilotuek 40 enpresatan lan egin dute—. Ekainean atzemandakoen artean, berriz, aurrez delituak egindako pertsonak ere badaudela jakinarazi du Poliziak.
Azken egunetan egindako operazioan, hainbat gai atzeman ditu Poliziak atxilotuen etxeetan. Armak, segurtasun zaindari eta bizkartzain gisa identifikatzeko txartelak eta material informatikoa eta dokumentuak aurkitu dituztela adierazi dute.
Faltsutzaileek, agiri faltsu bakoitzeko, 500 eta mila euro artean kobratzen zituztela uste dute poliziek. Guztira, agiri faltsuek 100.000 euro inguruko irabaziak eman zitzaketela azaldu du Poliziak.
400 zaindari, deklaratzera
Guztira ehun lagun inguru atxilotu dituzte, beraz, bi operaziotan. Baina polizia operazioak oraindik zabalik jarraitzen duela adierazi dute. Espainiako Poliziako Segurtasun Pribatuko Unitate Zentralaren gain dago operazioaren ardura, eta oraindik ez du bukatutzat eman ikerketa. Ez dakite seguru, izan ere, zenbat pertsona egon daitezkeen hunkituta aferan.
Ikerketa hasi zutenetik, 400 zaindari eta bizkartzain deklaratzera deitu dituzte poliziek. Gerta liteke haietako batzuek ez jakitea agiri faltsua eskuratzen ari zirela, izan ere. Gainera, agiriak faltsutzeko, egiazko tituluen datuak erabiltzen zituzten iruzurgileek. Hartara, ikusi beharrekoa da zein agiri diren legez eskuratutakoak, eta zeintzuk diren faltsututakoak.
Agiriek ez dute, zuzenean, zaindari edo bizkartzain gisa lan egiteko baimena ematen. Espainiako Barne Ministerioa da horretarako azken baimena ematen duena. Zaindari titulua eskuratzen dutenek ministerioaren azterketa gainditu behar izaten dute lanean hasi ahal izateko. Aurretik titulu hori ez dutenek, ordea, ezin dute Barne Ministerioaren azterketa egin.
Atxilotu egin dituzte 44 segurtasun zaindari, titulurik gabe lan egiteagatik
Ekainetik, guztira, ehun lagun inguru atzeman dituzte zaindari eta bizkartzain titulu faltsuak egitea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu