Van Bovenek ez du oraindik txostena Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu —Genevan, martxoaren 15ean, hasiko da Batzordearen bilera—, baina Espainiako Efe albiste agentziak agiria eskuratu eta edukietako batzuk zabaldu ditu.
Efek agertu duenez, Espainiako agintarien artean torturai buruz eztabaidatzeko "erreparoak" sumatu zituen NBEko kontalariak haiekin bildu zenean; Van Bovenen beraren ustez, "gaiaren zama politikoagatik". Horrela, elkarrizketatu zituen agintari gehienek torturaren inguruko informazioak faltsuak zirela uste zutela jaso du, "funtsean, Espainiako justizia sistema ahultzeko ETAren estrategia sistematikoaren zati bat".
Nolanahi ere, atxilotuen inkomunikazio aldia bertan behera utz dezala gomendatu dio NBEko kontalariak Espainiako Gobernuari. Inkomunikazioa, berez, "praktika anker eta inhumanoa" dela esaten du Van Bovenek txostenean, eta, gainera, tortura errazten duela. "Atxilotu guztiek modu bizkor eta eraginkorrean bermatuta izan behar dute abokatu bat izateko eskubidea, pribatuan hari kontsulta egitekoa, eta norberak aukeratutako medikuak Estatuko auzi-medikuaren aurrean aztertzekoa. Halaber, beren senideek atxilotuta dagoen tokiaren berri izateko eskubidea dute", dio txostenak.
Horrez gain, galdeketa guztiak grabatzeko aholkatu du NBEko kontalariak, "ahal dela bideo kamerarekin, eta galdeketan dauden guztien nortasuna agerian jarrita". Atxilotuei begiak estaltzeko eta txanoak jartzeko praktika debekatu egin beharko litzatekeela iritzi dio Van Bovenek.
Presoen sakabanaketa
Euskal Presoen sakabanaketa ere aipatu du NBEko kontalariak txostenean, eta "presoen eta haien senideen harreman sozialak indarrean segitzeak" bergizarteratzeko duen garrantzia aintzat hartzeko eskatu die Espainiako agintariei.
Funtsean, NBEren Torturaren Kontrako Hitzarmenaren Hautazko Protokoloa berresteko eskatu dio Van Bovenek Espainiako Gobernuari.
ETAren gaitzespena
ETAren indarkeria ere hizpide izan du txostenean. Hain zuzen ere, ETAren jarduna "nazioarteko zein Espainiako legedian aintzatetsitako giza eskubideen zein kontzientzia publikoaren aginduen aurkako iseka" dela nabarmendu du.ETAren mehatxuak direla eta,
Espainiako Estatuko biztanle asko "beldur iraunkorrean" bizi direla azpimarratu du NBEko kontalariak.
Theo Van Boven Herbehereetakoa da eta oso jurista ezaguna. Urriaren 5etik 10era Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko zenbait lekutan izan zen tortura salaketak eta giza eskubideen urraketak ikertzen. Euskal Herritik egindako tortura salaketa kopuru handiaren ondorioz erabaki zuen azterketa hori egitea. Besteak beste, Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendariarekin batzartu zen, 'Egunkaria'-ren kontrako operazioaren barruan hark salatu zituen torturei buruzko informazioa jasotzeko.
Tortura
Atxilotuen inkomunikazio aldia kentzeko aholkatu dio Nazio Batuetako torturei buruzko kontalariak Espainiako Gobernuari
Espainiako Estatuko tortura salaketen inguruko txostena osatu du Theo Van Boven NBE Nazio Batuen Erakundeko torturei buruzko kontalariak, eta agiri horretan jasotzen denez, atxilotuen inkomunikazio aldia bertan behera uzteko aholkatu dio Espainiako Gobernuari. Van Bovenen arabera, inkomunikazioa "tratu anker eta inhumanoa" da berez, eta, gainera, tortura errazten duela uste du. Torturen gaia aztertzean, Espainiako agintarien artean "erreparoak" sumatu dituela dio NBEko kontalariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu