Atxiloketak

Atxilotuta segitzen du Lorea Zeziaga iheslari politikoak

Atzo atzeman zuen Frantziako Poliziak, Baionan. Azkeneko urteetan normaltasunez bizi zen han. Alejo Moreno ere atxilotu zuten atzo, baina libre utzi zuten gero.

2009ko urtarrilaren 14a
17:19
Entzun
Frantziako Poliziak atxilotuta dauka oraindik Lorea Zeziaga (Arrasate, Gipuzkoa) iheslari politikoa, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dioenez. Atzo atzeman zuten, Baionan, goizeko seietan, eta haren etxea miatu zuten. Laurence Le Vert Parisko epaileak agindu zuen operazioa.

Alejo Moreno (Gasteiz) ere atxilotu zuten atzo, Azkainen (Lapurdi), baina arratsaldean libre geratu zen, Paueko (Frantzia) Auzitegitik pasatu ondoren. Jarrai-Haika-Segi auzian auzipetua dago Moreno.

Biek urteak daramatzate Lapurdin bizitzen, normaltasunez. Zeziaga aurretik Mexikon bizi izan zen, iheslari moduan.

"Euskal iheslari politikoen aurkako etenik gabeko jazarpena salatu nahi dugu. Frantziako Estatuak euskal independentismoaren aurka abian duen gurutzadaren baitan kokatzen ditugu euskal herritarren atxiloketa eta Espainiaratzeak", esan zuen atzo AAMk. "Euskal iheslari politikoek Euskal Herrian libre bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dugu".

AAMk gaur ere mobilizazioa eginen du Baionan, polizia-etxearen aitzinean, 18:30etik. Han dute Zeziaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.