Joan den ostiralean Espainiako Poliziak atxilotutako hamar gazte independentista Fernando Grande-Marlaska epailearen aurretik igaro ziren atzo, eta horietatik bederatzi espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak, Fiskaltzaren eskaerarekin bat eginez. Marina Sagastizabal, berriz, baldintzapean aske uzteko aukera eman zuen, 10.000 euroko bermea ordainduz gero. Bartzelonan atzeman zuten Sagastizabal. Horrenbestez, Segiren zuzendaritza berriz osatzea leporatuta atxilotutako hamalau gazteetatik hamahiru kartzelara bidali ditu epaileak. «Erakunde terroristako kide» izatea leporatu die denei.
Astelehenean, Xabier Bidaurre, Ruben Villa, Ibon Esteban eta Ander Maeztu bidali zituen espetxera, eta atzo, berriz, Xabat Moran, Ikoitz Arrese, Imanol Beristain, Imanol Salinas, Xabier Arina, Egoi Irisarri, Julen Zuaznabar, Ainara Bravo eta Igarki de Robles. Konfiantzazko abokaturik gabe eta inkomunikatuta pasatu ziren epailearen aurretik.
Herenegun Fernando Grande-Marlaskak espetxera bidali zituenlau gazteek tratu txarrak salatu dituztela jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Espetxeratu baino lehen konfiantzazko abokatuekin egoteko aukera izan zutenBidaurrek, Villak, Estebanek eta Maeztuk, eta haiei jakinarazi zieten tortura psikologikoak pairatu dituztela Espainiako Poliziaren esku inkomunikatuta egon diren bost egunetan. Maeztuk psikologikoki ez ezik, fisikoki ere torturatu dutela jakinarazi die abokatuei: gorputz osoan kolpe ugari eman dizkiote eta poltsa egin diote, «arnasarik gabe uzteraino», AAMk jakitera eman duenez. Mehatxuak eta presioak etengabeak izan direla ere salatu du gazteak.
Beste hiru atxilotuek ez dute tratu txar fisikorik pairatu,baina inkomunikazio aldian «presio psikologiko handia»sufritu dutela salatu dute. «Mehatxuak eta presioak ugariak izan dira, besteak beste, poltsa jartzeko imintzioak egin dizkiotelarik».
Gaurko mobilizazioak
Gazte independentisten aurka egindako azken sarekadaren aurkako protesta eguna izango da gaur Euskal Herrian. Izan ere, Gernikako Akordioa sinatu zuten kideek Aski da! Bake bidean aterabide demokratikoa orain lelopean elkarretaratzeak deitu dituzte Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, iluntzean. GazteHerriakdeialdi horiekin bat egin ez ezik, ikastetxe eta unibertsitateetanordubeteko geldiuneak etamobilizazioak ere deitu ditu11:30etik 12:30era, Gazte altxa lemapean. PAT Presoen Aldeko Taldeak ereprotestekin bat egin du.
Ezker abertzaleak ere gogor salatu du gazteen aurkako sarekada, bai eta Italiatik Espainiaratu berri diren hiru gazte espetxeratu izana ere. Hala, gaur arratsaldean deitutako bilkuretara eta larunbatean Torturarik ez! lelopean Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin du.
Atxilotutako 14 gazteetatik 13 espetxera bidali ditu Grande-Marlaska epaileak
Astelehenean kartzelara bidalitako laurek tortura psikologikoak salatu dituzte, eta batek tortura fisikoak ere bai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu