Euskal Presoak

Atxurra estraditatu dute, Frantzian zigorra bete ostean

Julian Atxurra Egurrola euskal presoa gaur estraditatu dute Espainiara, zigorra Frantzian bete ondoren. 2002an, bost hilabete eta aste baterako estraditatu zuten, eta aldi horretan egindako epaiketetan 88 urteko kartzela zigorra ezarri zioten guztira. Bigarren aldia zen Frantziak preso bat aldi baterako estraditatzen zuena, Jose Javier Arizkuren Ruiz estraditatu baitzuen aurrez.

2004ko irailaren 17a
16:06
Entzun
Atxurra 1996ko uztailaren 23an atxilotu zuten eta 2002an aldi baterako estraditatu zutenean, hainbat ekintzetan parte hartu izana leporatu zioten: Julio Iglesias Zamora injeniaria bahitzeagatik 14 urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra; Julio Sanchez Rodriguez Espainiako polizia hiltzeagatik 28 urtekoa; eta 46 urtekoa Bizkaian bi atentatu egiten saiatzeagatik. Oraindik, gutxienez beste zazpi delitu egozten dizkio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horregatik eskatu dute estradizioa. Besteak beste, Espainiako erregearen aurka egindako atentatuan parte hartu zuela uste du Poliziak.

45 eguneko gose greba

Atxurra Frantziako Moulins espetxean zegoen Txuma Pui Lekunberri presoarekin batera. 2004ko urtarrilarren 23an, ordea, espetxez aldatu zituzten biak. Atxurra Rouengo espetxera eraman zuten; Pui, berriz, Estrasburgoko espetxera. Biak Euskal Herritik lehen baino urrutirago eta bakartuta utzi zituzten, eta, ondorioz, sakabanaketa salatzeko gose greba hasi zuen: Puik urtarrilaren 23an bertan, eta Atxurrak otsailaren 2an.

45 egunen ostean, bere aurka zeuden "segurtasun neurriak" bertan behera geratu zirela-eta, gose greba utzi zuen Atxurrak. 27 kilo galdu zituen gose grebaren ondorioz. Baraualdi luzearen eraginez atzera bueltarik ez duten kalteak pairatu ditu Atxurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.