PSOEk aurkeztuta, Espainiako Kongresuan bidea egiten ari da eutanasia legeztatzea eta arautzea helburu duen lege bat. Osoko zuzenketa bat aurkeztu du gaur PPk testu horren kontra. Izan ere, eutanasiaren arautzearen aurrean "ezezko biribila" besterik ezin dutela eman argudiatu du Pilar Cortes Bureta diputatuak. Baina gainerako taldeen artean atxikimendu urria jaso du: aldeko 134 boz jaso ditu zuzenketak, beraz ez da onartu. Aurrera jarraituko du legeak.
Zainketa aringarriak sustatzeko testu bat aurkeztu dute osoko zuzenketan PPko ordezkariek. Kongresuan bertan gai horren inguruko lege bat lantzen ari direla gogorarazi diete gainerako talde politikoek ordezkari popularrei, eta ez duela zentzurik hautatu duten bideak. Gogor kritikatu dute gehienek popularren jarrera, eta gaiaren muinari ez diotela heldu nahi egotzi diete. Irmo kritikatu dituzte, halaber, berriki Pablo Casado PPko buruzagiak gaiari buruz egindako adierazpenak; izan ere, adierazi du eutanasiaren "arazoa" ez dagoela Espainian.
Eutanasia legeztatzearen alde ari diren erakundeak pozik daude Espainiako Kongresuan abian den legearekin. Okerrik ezean, legealdia amaitu aurretik eutanasia legeztatzeko esperantza dute. Legeak aintzat hartzen ditu sendabiderik gabeko gaixotasun larriak eta mendekotasun larriak dituzten pazienteek egin ditzaketen eskariak. Mediku bik oniritzia eman beharko diote kasu bakoitzari, eta kontrolerako autonomia erkidegoka eratuko diren batzordeek ere aztertu beharko dute ondoren kasu bakoitza.