«Hitz bakarrean laburbilduko dugu gertatzen ari dena: inboluzioa, atzerabidea. Duela hamaika urteko egoerara itzuli nahi dute auzia, Guardia Zibilaren frogak birgaituz, absoluzio epaiaren abstrakzioa eginez». Horixe izan da, Egunkaria-ko auzi ekonomiko auzipetuek Gipuzkoako Fiskaltzak auziaren artxibatzearen aurka jarritako helegiteaz egin duten balorazioa. Funtsean, hasieratik egon zen bezala, bultzada politikoa dagoela erabaki horren atzean ere. Eta horri erantzun diola fiskalak, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Donostiako 3. Zigor Epaitegiak eta egotzitako delituen ustezko kaltetuek —Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Ogasunak— esandakoaren aurka.
Martin Ugalde kultur parkean egin zuten agerraldia, atzo, auzi ekonomikoko auzipetuek: Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdaik —kanpoan da Txema Auzmendi—. Kultur parkeko hainbat lankide ere han izan ziren babesa emanez. Torrealdaik hartu zuen hitza, zortzien izenean. Fiskalaren erabakiak ustekabean harrapatu ez dituen arren, «kolpe latza» izan dela esan zuten, hasteko: «Guretzat pertsonalki, gure familiarentzat, gure ingurunearentzat, eta, oro har, euskal gizartearentzat».
2003an operazioa egin zutenetik, «hamaika urte luze» pasatu dira. Orain, fiskalaren helegitearekin, luzatu egin da berriz egoera hori, «epaiketa baten mehatxupean bizi beharra». Defentsak inpugnazioa jarri ondoren, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak erabaki beharko du. Preskripzioari buruzko helegitea «formazkoa eta soilik teknikoa» dela argudiatu zuen fiskalak, baina «askoz harago» doa auzipetuentzat. «Berriro ere epaiketa, epaigai Egunkaria, eta gutako bakoitza, aulkiko zigorra aurrera guretzat. Berriro ere, guk azalarazi behar ez garela errudunak, errudunak garela besteek azalarazi beharrean. Kaltetuak berriro ere biktima, eta kaltegileak borrero».
Helegitearen berri izateko modua ere salatu zuen Torrealdaik, fiskaltzaren «begirune falta», berri agentziei lehenago jakinarazi zietelako beraiei baino.
Hasierako bultzada bera
Fiskalaren helegitearen arrazoiketa preskripzioari lotua izan arren, deliturik ez dagoela nabarmendu zute berriz ere auzipetuek. 2010ean Auzitegi Nazionalak auzi nagusiko absoluzioa agindu zueneko epaia, eta Donostiako 3. Zigor Epaitegiaren preskripzio autoa aipatu dituzte horretarako. Lehenengoak, akusazioek Guardia Zibilaren txostenak peritu froga gisa aurkeztu arren, ez zien halako izaerarik aitortu. Bigarrenak, delitu izan daitezkeen egitateei buruzko zehaztapenik ez dagoela dio. Azalpen bakarra dute, beraz, auzipetuek: «Beti esan dugu gure auziaren atzean bultzada politikoa zegoela. [Jose Maria] Aznar zegoen agintean 2003an, Egunkaria-ren aurkako operazioa egin zenean; [Mariano] Rajoy dago orain, fiskala berriro eraso digun honetan».
Gainera, fiskalak jarrera aldatu izan du prozesuan zehar. «2009ko ekainak 15eko idatzian BEZaren ustezko delituari zegokiona erretiratu egin zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu zuen txostena ikusita. Orduan bai eta orain ez. Zergatik?»
Diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzea egozten die fiskaltzak, eta joan den apirilaren 7an egindako aurretiazko saioan zigor eskaerei eutsi zien: bederatzi eta hemezortzi urte arteko espetxe zigorrak —128 urte, denera—, eta 221 milioi euroko isunak.
Auzi nagusiko absoluzioaren ondoren kasua Donostiara ekarri zutenean, «ulerberatasun» handiagoa izango zutela uste izan zuten. Ez da hala izan, ordea: «Fiskaltzaren jarrerak asko harritu gaitu, urruntasunagatik, ezagutza eta sentsibilitate faltagatik». Azalpen bakarra aurkitu diote: «Badakigu, badakigunez, erabaki hauek ez direla modu bakan eta librean hartzen, ez Fiskaltzan, ez beste erakunde hierarkikoetan».
Azalpenak azalpen, «ulergaitza» zaie dena. Eusko Jaurlaritzak esana du, bi aldiz, ez dela iruzurrik egon. «Ulergaitza da oso euskal gizarteari, bertoko erakundeei, gure min eta zigor erantsiari entzungor egitea». «Esanguratsua» da, Torrealdairen hitzetan, horrek guztiak erakusten duena. «Pisu txikia du gure herriak hainbat aginte gunetan. Noiz egongo da justizia gure esku, gure erakundeen esku?»
Hamaika aldiz egindako galdera bera egin zuten berriz ere. «Noiz bukatuko da amesgaizto hau?». Oraingoz, hilabeteak pasa daitezke epaiketa egingo den ala ez erabakitzeko. Bitartean, «adi eta erne» egoteko eskatu zuten, guztia «lehenbailehen amai dadin laguntzeko».