HEZKUNTZA

Atzeratu egin dute hezkuntzako mahai sektoriala, agenda kontuengatik

Bihar biltzekoak ziren Jaurlaritza eta sindikatuak. Datozen egunetan elkartuko dira. Sindikatuek espero dute jasoko dutela euren aldarrikapenei erantzungo dien proposamen berria. Horrek baldintzatuko ditu udaberriko mobilizazioak

Aurreko grebaren harira egindako manifestazioa. MARISOL RAMIREZ, ARP
Ibai Maruri Bilbao - Garikoitz Goikoetxea
2018ko urtarrilaren 18a
14:18
Entzun

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak «haserre» erantzun zien ELAk, LABek eta Steilasek unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan udaberrirako iragarri dituzten mobilizazioei. Sektoreka, astebeteko grebetara deitu dute, Aste Santuko oporretatik bueltan. Martxoaren 14an eta 15ean eta ekainaren 12an, hezkuntzako behargin guztientzat izango dira deialdiak. Hiru sindikatuok azaldu dute «presio egiteko» osatu dutela protesta egutegia. «Oraindik ia bi hilabete geratzen dira, eta argi esan dugu Jaurlaritzaren esku dagoela mobilizazioak bertan behera uztea. Badu astia. Negoziazio mahaian gure eskaerei erantzuten badie, normala den bezala, ez dugu grebarik egingo», azaldu du Steilaseko kide Ana Perezek.

Bihar biltzekoak ziren sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza, Gasteizen, baina atzeratu egin dute bilera. Agenda arazoak sortu dira, eta bilera datozen egunetan egingo dute.

Proposamen berriak jasoko dituzten esperantza dute sindikatuek. Perezek uste du mobilizazioak indartzeak gizartean izango duen oihartzunak «urduri» ipini duela Hezkuntza Saila. LAB sindikatuko ordezkari Aitor Nuñezen arabera, Jaurlaritzak «ezin dio eutsi» halako mobilizazio sorta zabalari. «Guztira 23 greba egun dira, eta hori ez da jasangarria gobernu batentzat; batez ere, irakasleen greba egunetan». Iruditzen zaio hori saihesteko neurriak hartu beharko dituela.

Abenduaren 20an izan zuten irakasleen mahai sektorialeko azken bilera. Oro har, «baikor» atera ziren guztiak. ELA izan zen salbuespena. Miren Zubizarreta da sindikatuaren ordezkaria: «Joan den ikasturtean mahai gainean jarri genuen zein den hezkuntza publikoaren egoera, eta zer neurri hartu behar diren hori konpontzeko. Iraileko eta abenduko bilerak arte Jaurlaritzak ez die erantzun; aldarrikapen gutxi batzuei baino ez, eta soilik modu partzialean». Datuak eman ditu baieztapena arrazoitzeko. Adibidez, 2008-2009ko ikasturtetik oraingora bitartean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan 30.000 ikasle gehiago daudela matrikulatuta. «Igoera horri erantzuteko, 2.000 irakasle gehiago behar dira. Orain arte ez da bakar bat ere jarri, eta orain ehun proposatu dizkigu. Horrekin ez dira beharrak betetzen».

Nuñezek uste du gobernuaren proposamenak negoziatzen jarraitzeko «oinarria» izan zirela. Haren esanetan, mobilizazio egutegia «ezinbestekoa» da: «Zortzi urtean egon da mahaia blokeatuta. Aurreko ikasturteko mobilizazioekin lortu genuen iraileko bilera, eta orduan egindako proposamenak. Udazkenekoei esker, abenduko bileran neurri gehiago ipini zituen mahai gainean. Iruditzen zaigu presio egiten jarraitzen ez badugu hurrengo bileretan ez dela emango pauso gehiagorik».

Adostutako neurriak

Perezek, negoziatzen «jarraitu» barik, «hasi» esan du. Izan ere, iruditzen zaio orain arte ez dela ezer negoziatu. «Bileretan proposatutako neurriak aurretik ezagutzen genituen, komunikabideen bidez. Adibidez, Lehen Hezkuntzan ordezkapenak lehen egunetik egitea gure aldarrikapenetako bat da, eta hori urtarril honetan indarrean jartzea erabaki zuen Hezkuntza Sailak. Baina berak bakarrik. Ez dira eseri gurekin negoziatzera; erabaki ondoren eman ziguten horren berri». Eskatu du aurrerantzean negoziazioa «benetakoa» izatea.

Beste hiru sindikatuekin, hezkuntza publikoko abenduaren 12ko greba orokorrean parte hartu zuten CCOO eta UGT sindikatuek ere, nahiz eta bakoitzak bere deialdia egin zuen. Bi horiek ez dute baztertzen mobilizazio gehiago egitea, baina, aurretik, ikusi eta aztertu nahi dute Hezkuntza Sailak zer proposatzen duen. CCOOko Irakaskuntza arduradun Pablo Garcia de Bikuñak uste du beste hiru sindikatuak «gehiegi aurreratu» direla egutegiaren berri emanda. «Ez dut kritikatzen hartu duten erabakia, baina uste dut formetan huts egin dutela». Steilaseko ordezkariak, ordea, ez du uste hala izan denik. «Urtarrila hasi, eta aste honetako bilerara deitzen ez gintuztenez, egutegia jakinaraztea erabaki genuen». UGTko ordezkari Joseba Ander Muñozek sindikatuen arteko «batasun falta» kritikatu du: «Joan den asteko prentsaurrekora gonbidatu ere ez gintuzten egin, eta iruditzen zait gure arteko zatiketa horrek Hezkuntza Sailari baino ez diola mesede egiten. Kaltegarria da guretzat».

Egutegia aurkeztu duten hiru sindikatuen artean ere ñabardurak daude. Kasurako, Haurreskolak partzuergoko lan itunerako negoziazioak ez dituzte berdin baloratu LABeko Nuñezek eta ELAko Zubizarretak. Nuñezek esan du lau arloen artean balorazio positiboena Haurreskolak sarekoan egiten dutela. «Badakigu Jaurlaritzak ez digula matrikulen doakotasuna hain erraz emango, eta guk ere aldarrikapen hori gehiago ikusten dugu hezkuntza itunari lotuta. Baina, besteak beste, ordezkoak lehen egunetik egotea lortu da, landa inguruan zortzi ordura igo da zerbitzuaren ordutegia... Eman dira pausoak». Zubizarretak, ordea, uste du «adarra jotzen» ari zaizkiela: «Behin-behinekotasuna %41 da orain. Partzuergoak eta Jaurlaritzak egindako proposamenak %40ra jaistea ekarriko luke. Hori ez da batere onargarria». Gainera, ezinbesteko ikusi du doakotasuna edo, behintzat, matrikularen prezioa jaisten hastea. «Azken urteetan behera egin du izena eman duten umeen kopuruak. Gu seguru gaude kuotak oso garestiak direlako izan dela. Etorkizuna bermatuko bada, merkatu egin behar dira berehala».

Nuñezen esanetan, «hezkuntzaren kalitateari lotutako aldarrikapenetan» ipini dituzte marra gorriak: «Lantaldeak handitzea, behin-behinekotasuna apaltzea, lan kargak txikitzea eta ikasle ratioak aldatzea». Perezen esanetan, aldarrikapenen helburua da «gutxienez murrizketen aurreko egoerara» itzultzea: «Egoera ekonomikoa hobetu bada, eta hezkuntzaren kalitatea bermatu nahi bada, administrazioak krisiaren aurreko egoerara itzultzeko neurriak hartu behar ditu. Administrazioaren beste alor batzuetan eta beste administrazio batzuetan hasiak dira. Nafarroan, adibidez, gaixoaldietan berriro ere soldataren %100 kobratzen da lehen egunetik».

Muñoz ere iritzi berekoa da. Salatu du EAE atzean geratu dela funtzionarioek krisi sasoian galdutako eskubideak berreskuratzen. «Azken autonomia erkidegoa izan gara 2012ko abenduko estra sonatua kobratzen». Garcia de Bikuñak horri lotutako aurreikuspen bat egin du; esan du badakiela zein izango den Hezkuntza Sailaren «aitzakia»: «Erantzungo dute funtzio publikoaren mahai orokorrari dagokion auzia dela. Ados. Baina ikusi nahi dugu Hezkuntza Saila ere langileek galdutako eskubideak berreskuratzeko lanean ari dela».

Nuñezek bilerari besteko garrantzia eman die beharginekin egingo dituztenei. «Guk aldarrikapen zerrenda bat osatu dugu, eta Jaurlaritzari bidali. Baina langileek zer diote? Zeren falta sumatu dute? Guk proposatutakotik zeri eman nahi diote lehentasuna? Haien iritzia jakin nahi dugu. Hori da, nire ustez, garrantzitsuena». Zubizarretak aitortu du zaila izango dela orain arteko mobilizazio mailari eustea. Baina ziur da lortuko dutela: «Langileek badakite ez dagoela nahi duguna lortzeko beste biderik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.