Olatz Izagirre, Carlos Renedo, Asier Coloma eta Gaizka Likona gazteen aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako euroagindu eskaera gaur ziren aztertzekoak Paueko Auzitegan, baina Auzitegi Nazionalak ez ditu igorri agiriak eta saioa hurrengo asteartera arte atzeratu dute. Izan ere, Amaia Rekarte defentsako abokatuak ez zuen artean autoa. Gaur zortzi 9:00etan hasiko da epaiketa.
Gaur 8:30erako eraman dituzte epaitegira. Euskal Herritik atxilotuen senide eta lagun ugari joan da bertara -60 inguru-, babesa adieraztera. Epaiketa gelara sartzeko aukera erdiek izan dute, eta bukaeran epaileak baimena eman die bikote eta senideei lau gazte haiekin bost minutuz egoteko.
Izagirre, Renedo, Coloma eta Likona ostegunean atzeman zituen Frantziako Poliziak Lapurdin, eta Paueko fiskalak kartzelan sartu zituen -Muret Seyssen-, auzi saioa egin bitartean.
Iazko azaroan Segi gazte mugimenduaren kontra egindako polizia operazioan haiek atxilotzen saiatu ziren Espainiako Polizia eta Guardia Zibila, baina ez zituzten etxean aurkitu. Ordutik, iheslari politiko gisa bizimodu “publiko eta normala” egiten ari ziren Lapurdin, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esan duenez.
Atxiloketak salatzeko gazte independentistek Frantziak Bilbon duen kontsulatu eraikinaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur, 11:00etan. Etzi, berriz, goizean geldialdiak eta ekimenak egingo dituzte ikastetxe eta unibertsitateetan, eta arratsaldean mobilizazioak hainbat herritan.
2009ko azaroaren 24an gazte independentisten aurka abiaturiko polizia operazioan atxilotutako 37 gazteetatik 33 espetxera bidali zituen Fernando Grande Marlaska epaileak, Segikoak direlakoan.
atxiloketak
Atzeratu egin dute Lapurdin atxilotutako lau gazteen aurkako euroagindu saioa
Espainiako Auzitegi Nazionalak ez ditu Paueko Auzitegira igorri Olatz Izagirre, Carlos Renedo, Asier Coloma eta Gaizka Likonaren kontrako agiriak, eta hurrengo asteartean egingo dute auzi saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu