Euskal presoak

Atzerrian diren herritarrak ere maiatzaren 18an plazetara ateratzera deitu ditu Herrira-k

Maiatzaren 18an euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak egingo dira Euskal Herriko 200 bat plazetan. Ekimena nazioartera ere zabaltzeko deia egin du Herrira-k, eta, deiarekin bat egiten dutenei, mobilizaziorako bitarteko guztiak helaraziko dizkietela jakinarazi die.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko apirilaren 30a
16:28
Entzun

Euskal presoei ezartzen zaizkien "salbuespen neurriak" amaitu daitezela eta giza eskubideak errespetatuta konponbidearen bidean urratsak egin daitezela eskatzeko, mobilizazioak antolatu ditu Herrira mugimenduak maiatzaren 18rako. Espainiako Gobernua "inmobilismotik inboluziorako bidean" dagoela ohartarazi du Beñat Zarrabeitia Herrira-ko kideak, eta, jarrera hori iraultzeko, mobilizatu beharra dagoela adierazi du.

Plazara ateratzeko eskatu die, beraz, herritarrei, eta Plazara ekimena antolatu du maiatzaren 18rako. Euskal Herriko 200 plaza baino gehiagotan egingo ditu mobilizazioak.

Ahalik eta oihartzun handiena izan nahian, Euskal Herritik kanpora ere zabaldu nahi du ekimena. Hortaz, atzerrian bizi diren euskal herritarrengana zuzendu da. Edozein arrazoigatik Euskal Herritik kanpo diren herritarrei, haien bizilekuetako plazetara atera, eta presoen eskubideen aldeko aldarria erakutsi dezatela eskatu die.

Euskal Herrian giza eskubideetan oinarritutako konponbidea babesten duten mundu guztiko herritarrengana ere luzatu du deia.

Dagoeneko nazioarteko hainbat herrietan ekimenarekin bat egingo duten baieztapena jaso du Herrira-k, eta ekimenak ugaritu nahian dabil herri mugimendua. Horretarako prest daudenei, [email protected] helbidera idazteko deia egin die Zarrabeitiak. "Oso erraza da eta behar duten edozein informazio, bitarteko zein material bidaliko dizkiegu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.