Gipuzkoara heldutako etorkin adingabeen inguruan azken asteetan izandako eztabaidaren berri badu Angeles de Palma Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide irakasleak. Bilbon izan da aste honetan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) atzerritarren gaineko zuzenbideari buruz antolatutako jardunaldietan.
Bakarrik dauden etorkin adingabeak babesteko sisteman administrazio publikoen artean koordinazioa falta dela nabarmendu du. Izan ere, Hego Euskal Herrian Espainiako Gobernuak du etorkinen gaineko eskumena, eta Nafarroako Gobernuak zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, berriz, adingabeen gaineko eskumena dute. Edonola ere, garapen ekonomiko handia izan den garaietan eraikitako azpiegituren bidez, etorkin adingabeei harrera egokia egiteko gai izan beharko lukete administrazioek, De Palmaren ustez.
Zein eskubide dute seniderik gabeko etorkin adingabeek gurera heltzean? Eta, beraz, zein betebehar dituzte erakunde publikoek haiekin?
Bakarrik dauden etorkin adingabeak heltzen direnean, adingabeak babesteko zerbitzuen esku geratzen dira. Era berean, adina zehazteko frogak egiten zaizkie, eskumuturraren erradiografiaren bidez. Adingabea dela frogatzen baldin bada, Administrazioak adingabearen babesgabetasun egoera aitortu eta haren zaintza bere gain hartu beharko luke. Atzerritartasun araudiak bederatzi hilabete uzten dizkie administrazioei, adingabeentzat bertan bizitzeko baimena eskatu baino lehen jatorrizko herrialdean adingabearen familiak duen egoera aztertzeko.
Nire ustez, araudi hori ez dira ondo interpretatzen ari dira kasu askotan, eta bederatzi hilabete horiek igaro arte ez dute aitortzen gazteen babesgabetasun egoera; hartara, denbora horretan administrazioek ez dute ezer egiten. Baina bertan bizitzeko baimena hasieratik eskatu behar da, eta babesgabetasuna aitortu; gerora familiaren egoerak adingabea hara itzularazteko aukera ematen badu, bertan behera utziko dira izapideak. Hala, bizitzeko baimena izanik, lan egiteko edo ikasteko baimena ere kudea daiteke.
Legezkoa al da haien jatorrizko herrialdeetara bueltan bidaltzea?
Espainiako Atzerritartasun Legearen 35. artikulua familiarekin berriro biltzeko printzipioaz mintzo da. Adingabeak bere sendiarekin bizitzeko duen eskubidetik abiatzen da printzipio hori, eta adingabearen interesen ikuspuntutik komenigarriena denean gauzatu behar da.
Praktikan, gauzak ez dira beti hala izaten, eta, gainera, estatuko administrazioa -aberriratzeko eskumena du- ia bermerik gabe ari da prozedurak tramitatzen: adingabeei entzun gabe, aberriratzeko ebazpenaren berri eman gabe, eta abar. Hartara, adingabeek doako laguntza juridikorako eskubidea izan dezaten eskatzen ari dira gizarte eragileak, aberriratzeko prozeduretan ez ezik, gainerako guztietan ere bai.
Espainiako Gobernua Atzerritartasun Legearen erreforma egitekotan omen da, baina, aurreproiektua ikusita, gauzak ez dira askorik aldatuko adingabeei dagokienez.
Hala da: gauza asko konpontzeko baliatu beharko litzateke erreforma, baina aurreproiektuan ez dago ia aldaketarik. Alde onen artean, jatorrizko herrialdeekin hitzarmenak sinatzeko asmoa du Gobernuak, prebentziorako zein adingabeak babesteko eta aberriratzeko; izan ere, herrialde horietan lan egitea funtsezkoa da etorkin adingabeen egoera konpontzeko. Baina hortik harago, aurreproiektuak ez ditu arautu arazoak eragin dituzten hainbat auzi, hala nola zer egin pasaportean ageri den adina eta froga erradiologikoa bat ez datozenean. Hainbat lekutan, froga erradiologikoari ematen diote lehentasuna, froga erabakigarria ez den arren, eta, berez, pasaporteak dakartzan datuekin nahikoa izan beharko lukeen arren.
Zenbateraino eragiten die adingabeei paperik gabeko etorkinei buruzko Europako zuzentarauak?
Badirudi adingabeak barnetegietan sartzeko aukera ematen duela. Baina ez dut uste neurri hori Atzerritartasun Legearen erreforman sartuko denik, eta ez litzateke justifikatuta egongo. Hain zuzen ere, adingabeek babeserako zentro batean egon behar dutelako, eta ez barnetegi batean.
Gazte gatazkatsuak zentro berezietara eramatea egokia al da zuzenbidearen ikuspegitik?
Ez dakit zehazki zein den Euskal Autonomia Erkidegoko araudia, baina erkidego askotan babesgabetasun esparru bat dago horren harira. Gizarte zailtasunak edo jokabide arazoak dituzten adingabeak zentro terapeutikoetara eramatea legezkoa da, eta komenigarria litzateke zentro horietan hemen jaiotako gazteekin batera egotea. Hala ere, neurri horren helburuak ez du zigortzea izan behar, zailtasun horiek gainditzen laguntzea baizik. Kontuan hartu behar da oso migrazio proiektu gogorretatik pasatzen direla, eta laguntza profesionala behar dutela.
Hala al da praktikan?
Ez. Adingabeek babestuak izateko eskubidea dute, baina nik uste dut praktikan sarritan ez zaiela babes hori ematen, alde egin dezaten. Administrazioek ikusten dute beren baliabideek gainezka egiten dutela, eta adingabeei eman beharreko arreta ematen badiete gehiago etortzen direla. Neurri batean, diru arazoa da; toki administrazioek Estatuaren laguntza eskatzen dute, arazoa orokorra delako, eta Estatuak ezin saihestuzko erantzukizuna du hor.
Esan duzu adingabeen politikak ez direla kutsatu behar atzerritarren politikez.
Bai: atzerritar izateak baino lehentasun handiagoa izan behar du adingabe izateak. Atzerritartasuna alde batera uztera derrigortzen gaituzte haurrei buruzko araudiek. Horregatik diot adingabeak aberriratu behar direla aberriratzeak haien interesei erantzuten dienean soilik.
[email protected]
«Atzerritar izateak baino lehentasun handiagoa izan behar du adingabe izateak»
Seniderik gabeko etorkin adingabeen auzian haurrei buruzko arauak aplikatzeko eskatzen du De Palmak; uste du ez direla nahastu behar atzerritarren gaineko neurriak eta adingabeei buruzko politikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu