Migratzaileen Nazioarteko Eguna da gaur, eta etorkinen eskubideak aldarrikatzen ari dira hainbat kolektibo. Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzetako batean, protesta egin du OEE Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak: Atzerritarren Bulegoaren aurrean. Izan ere, mezu bat igorri diote Madrili: Atzerritarren Legea indargabetu dezala. Mezu hori bera errepikatuko dute arratsaldean, OEErekin batera, CEAR-ek, Amnesty Internationalek, SOS Arrazakeriak eta Harresiak Apurtuz-ek deitutako manifestazioan: 19:30ean abiatuko dira, Arriaga Plazatik.
«Atzerritarren Legeak dakartzan ondorioak» azaldu ditu OEEk eguerdian egin duen protestan, antzerki baten bidez: Mediterraneo itsasoko «genozidioa», Europan barreiatuta dauden harresiak, atzerritarren bulegoetako langileen ukoak... Eta, horrekin batera, etorkinen mezuak erakutsi dituzte: «Zuen adinekoak zaintzen ditut kontraturik gabe»; «Hamar urte lanean, eta paperik gabe nago oraindik»; «Nire gobernua jazarri zaidalako etorri naiz»; «Kontraturik eta paperik gabe ezin dut sexu jazarpenik salatu»...
Luisa Menendez OEEko kidearen aburuz, errealitate horiek guztiak Atzerritarren Legearen ondorio dira: «Sufrimendu handia eragiten die etorkinei. Hona heltzen direnean, legeak ez die laguntzen gizarteratzen, ezta bizitza duina eraikitzen ere. Denerako dokumentuak behar dituen gizarte batean, paperik ez dutenak ez dira inor. Migratzaile asko ditugu beldurrez bizitzen, badakitelako azalean kolore desberdina izateagatik atxilo ditzaketela; baina, guk bezala, haiek ere bidaiatzeko eta migratzeko eskubidea dute».
Baliabideak eskatu dizkie erakunde publikoei: «Harrerarako, lanerako... Baina hori bateraezina da Atzerritarren Legearekin». Hala ere, erantsi du migratzaileekiko auzia ez dagokiela soilik instituzioei: «Gizarte osoak eta pertsona guztiek egin behar dute lan: mundu duina eraiki behar dugu, eta gizarte inklusiboetan bizitzen ikasi».