Politika

Atzo atxilotutako bederatzi gazte kartzelatu dituzte, eta besteari sei mila euroko bermea jarri diote

Alain Luna, Hodeiertz Urain, Oihana Mujika, Maitane Linazasoro, Egoitz Urbe, Oinatz Arbelaitz, Imanol Sagartzazu, Iker Zabala, Asier Gomez Salazar eta Jon Villanuevak gaur deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean.

2008ko uztailaren 2a
21:01
Entzun
Fernando Grande Marlaska eta Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek kartzelara bidali dituzte gaur Alain Luna, Hodeiertz Urain, Oihana Mujika, Maitane Linazasoro, Egoitz Urbe, Oinatz Arbelaitz, Iker Zabala, Asier Gomez Salazar eta Jon Villanueva, atzo Espainiako Poliziak Donostiako Lurralde Auzitegiaren atarian atxilotutako gazteak, kale erasoetan parte hartu izan dutelakoan. Imanol Sagartzazu ere atzeman zuten atzo, arrazoi bera leporatuta, eta honi sei mila euroko bermea jarri diote.

Auzitegi Nazionalean izan dira haiek denak gaur. Gomez Salazarrek eta Villavuenak Ruzen aurrean deklaratu dute eta besteek Grande Marlaskaren aurrean. Askatasunak jakinarazi duenez, konfiantzazko abokatuarekin aritu dira. Ondoren, fiskalak gero epaileek hartutako neurriak eskatu ditu.

Kale erasoekin lotuta bilatze eta atxilotze agindua zeukaten hamar gazte haiek eta euren burua entregatu zuten atzo goizean. Oarsoaldean -Errenterian eta Oiartzunen zehazki- Poliziak apirilean eta Barakaldon Ertzaintzak maiatzean egindako sarekadeez geroztik ihesean ziren gazteek atzo aurretik agerraldia egin zuten Oiartzungo udaletxean. Iker Sarriegi eta Onintza Ostolatza abokatuen laguntzarekin eman zuten prentsaurrekoa, ondoan dozenaka senide eta lagun zituztela. Gazte haien bi abokatuek agerraldian zehaztu zutenez, hauek epaile baten aurrean deklaratu nahi zuten, "baina Espainiako Auzitegi Nazionalean egitea galarazi diete, poliziek atxilotzea nahi dituztelako". Gazteek uko egin zioten polizien aurrean deklaratzeari, "torturaren bitartez autoinkulpazioak lortu nahi dituztelako poliziek, sarekada polizialetan gertatu zen moduan".

"PSOEren gerra estrategiaren" baitan kokatu dituzte aipatutako operazioak. "Gazte eta independentista izatea da gure delitu bakarra", nabarmendu zuten gazteek. Hala, haien "aukera politikoa" berresteaz gain, Espainiako Auzitegi Nazionalaren desagerpena aldarrikatu zuten, "gerra estrategia horren parte den neurrian". Apirileko sarekadan hamabi lagun atzeman zituzten -bost aske geratu ziren-, eta maiatzekoan bost -hiru libre gelditu ziren-.

Gaur 20:00etan berriro egingo dituzte protesta elkarretaratzeak Errenterian eta Oiartzunen (Gipuzkoa). Alain Luna, Hodeiertz Urain, Oihana Mujika, Maitane Linazasoro, Egoitz Urbe, Oinatz Arbelaitz, Iker Zabala eta Imanol Sagartzazu Oarsoaldea eskualdekoak dira; Asier Gomez Salazar eta Jon Villanueva Barakaldokoak (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.