atxiloketak

Atzo atxilotutakoen errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eta inkomunikazioa kentzeko eskatu dute

Gorka Diez de Ulzurrun, Eder Lizaso eta Mikel Ziaurriz atxilotu zituen Guardia Zibilak, atzo, ETAkoak izatea leporatuta. Gaur, haien senide eta lagunek prentsaurrekoa eman dute, eta atxiloketa unean izandako "bortizkeria izugarria" salatzeaz gain, haien errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eta inkomunikazioa kentzeko eskatu dute. Gainera, gogor erantzun die Nafarroan Espainiako Gobernuko ordezkari den Vicente Ripak atzo esandakoei.

2005eko martxoaren 16a
16:44
Entzun
Atxilotutakoen egoeraren inguruan "kezka larriak" dituztela aitortu dute prentsaurrekoan azaldu diren senide eta lagunek, eta horretarako "arrazoiak" badituztela azpimarratu dute, "beste atxilotu batzuk inkomunikaziopean Guardia Zibilaren esku jasandako tratu txar eta tortura larriak salatu dituztela ez baitzaigu ahazten". Operazioa "astakeria poliziala" dela esan dute.

Atxiloketa unean Guardia Zibilak "bortizkeria izugarria" erabili zuela salatu dute. "Etxeetara deitu ere egin gabe, zuzenean ateak bota" zituztela azaldu dute, "armak eskuan" sartu zirela, eta "pistolarekin apuntatuz" ohetik atera zituztela. Eder Lizasoren neskalaguna lau ordu inguruan, paretaren kontra eduki zutela azaldu dute, eta Diez de Ulzurrunen anaiak galtzontzilotan "atarira atera" zituztela eta etxea miatzeko zakurra ere erabili zutela. Ziaurrizen neska laguna, berriz, "sukaldean erretenituta" eduki zutela.

Inkomunikazio garaian inork ez duela atxilotuen berririk izango salatu dute, eta Guardia Zibilak "inpunidade osoz" jokatu dezakeela. Inkomunikazioa "tratu txar eta torturen ondorioz atxilotuak bere buruaren aurkako testigantza edo beste norbaiten aurkako testigantza lortzeko" dela salatu dute.

Ripari erantzuna

Nafarroan Espainiako Gobernuko ordezkari Vicente Ripak adierazpen batzuk egin zituen atzo, eta atxilotuen senide eta lagunek gogor erantzun die hitz horiei. Hasteko, errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu diote. Ripak esan zuen, "estatuko segurtasun indarrak atxilotuek ETArekin duten lotura maila zehazten" ari direla. Galdera batekin erantzun die honi: "Noiztik atxilotzen da jendea delitua egin duen edo ez aztertzeko?". Deliturik ez badago ezin dela inor atxilotu esan dute.

"ETAren ondora hurbiltzen direnen patua da gaurko operazio poliziala" esan zuen Ripak, "Ez dezatela haien bizitza izorratu irrazionala eta kriminala den kimera batengatik. Bide horren atzean ez dago paradisurik nahiz eta honela saltzen zaien gazteei. Bide horren bukaeran dagoen bakarra kartzela da". Horri guztiari, hiru erantzun eman dizkiote. Bat: "Euskal gazteriari barre egiten diozu eta hori gauza serioa da", prentsaurrekoa esan dutenez, euskal gazteria zerbait izatekotan "azkarra eta kontsekuentea da", eta errespetua eskatu dute. Bigarrenez, "ETAren ondora hurbildu direla" nola jakin duen galdetu diote. Eta azkenik, hirugarrenez, esan dute, "zoritxarrez" kartzela dagoela "bukaeran". Izan ere, "Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeagatik eta honen aurka frantziar eta espainiarrek daramazuen errepresio bortitza dela medio, inoiz baino preso politiko gehiago daude kartzelan".

Atxiloketa hauekin, "izua besterik ez" dutela bilatzen azpimarratu dute, baina esan dutenez, "jai daukate".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.