Atxiloketak

Atzo Bizkaian atxilotutakoak inkomunikatuta edukiko dituzte ostirala arte, Guardia Zibilaren esku

Guardia Zibilak atzo atxilotutako Iñaki Peña, Sonia Marin, Arkaitz Ormaetxea eta Igor Zearreta ostiralean eramango dituzte Espainiako Auzitegi Naziolanela, epailearen aurrean deklaratzera, EFE berri agentziak zabaldu duenez. Beraz, bien bitartean Guardia Zibilaren esku egongo dira, inkomunikatuta.

2005eko maiatzaren 10a
17:56
Entzun
Guardia Zibilak lau lagun atxilotu zituen atzo goizean eta igande gauean Bizkaian, ETAri laguntza eman izana egotzita. Bilboko Iñaki Peña eta Sonia Marin eta Zornotzako Arkaitz Ormaetxea eta Igor Zearreta dira Guardia Zibilak atzemandakoak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegiko Fernando Grande-Marlaska epaileak eman zuen atxilotze agindua, ETAri laguntzea egotzita. Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak hedabideen aurrean azaldu zuenez, iazko urrian eta azaroan Bizkaian egindako polizia operazioaren segida da atzokoa. Bestalde, operazioak zabalik jarraitzen duela adierazi zuen, eta, beraz, ez zuen baztertu atxiloketa gehiago egiteko aukera.

Espainiako Barne ministroaren hitzetan, ETAri informazioa helarazten zioten atxilotuek; erakunde armatua, «batez ere» informazioa emanaz laguntzen zutela esan zuen. Halaber, ETAko kideei bestelako laguntza ere eman izana egotzi zien: babes eman eta ezkutatzen zein ihes egiten lagundu izana.

Iñaki Peña Bilboko San Inazio auzokoa da eta 25 urte ditu. Bera izan zen Guardia Zibilak lehenik atxilotu zuena. Herenegun gaueko 23:00ak inguruan atxilotu zuten Deustuan, lagun batzuekin kalean zela. Lekuko batek berriari adierazi dionez, lagun talde guztia hormaren kontra eta begiak itxita izan zuten guardia zibilek. Guztiak identifikatu, eta Peña eraman zuten atxilotuta. 00:30ak inguruan, Atxuri auzoan duen bizilekura eraman zuten, etxea miatzera. Miaketak ordubiak aldera arte iraun zuen, eta bitartean, lagun talde bat etxe inguruan bildu zen atxilotuari babes emateko.Sonia Marinek 32 urte ditu eta Bilboko Santutxu auzokoa den arren, Abusu auzoan bizi da, Arrigorriagan. Bertan atxilotu zuten, goizaldean, eta haren etxebizitza miatu.

08:00etan, 29 urteko Arkaitz Ormaetxea atxilotu zuten Zornotzan, bere bizilekuan. Etxea miatu eta gaztea atxilotuta eraman zuten.

Ondoren, 09:30ak inguruan, 27 urteko Igor Zearretaren gurasoen etxera joan ziren guardia zibilak, gaztea atxilotzeko. Eguerdiko ordu bata aldera arte etxea miatu, eta ordenagailua eta bi kutxa atera zituzten bertatik, lekukoek jakinarazi zutenez.

Espainiako Gobernuak ETAren aurka duen «jarrera argiaren erakusgarritzat» jo zituen atxiloketok Alonso Barne ministroak. Areago, Espainiako Polizia Indarrek aurten 160 euskal herritar atxilotu dituztela gogoratuz berretsi zuen PSOEren Gobernuaren jarrera. PPri erantzunez eman zituen datuok Alonsok; joan zen astean bertan, ETAren aurkako borroka alboratu izana egotzi baitzion PPk PSOEri.

Torturen beldur

Askatasunak polizia operazioa «gogor» salatu eta «beldurra» agertu du atxilotuek guardia zibilen eskuetan inkomunikatuta egonik jasan dezaketen tratuarengatik. Iaz 57 euskal herritarrek torturak salatu zituztela gogoratu du eta horiek guztiek tratu txarrak inkomunikazio egoeran egonik pairatu zituztela ohartarazi. Gauzak horrela, PSOEren «jarrera berria ezerezean» geratu dela uste du Askatasunak. Areago, «PSOEk torturaren aldeko apustu garbia egin du», salatu du.

Bestalde, mobilizazioak egin zituzten atzo atxilotuen herri eta auzoetan. Zornotzan 400 lagun inguruk manifestazioa egin zuten, herrikideak askatzeko eskatzeko. Ertzaintzak hiru lagun identifikatu zituen. Santutxun, 300 bat lagunek atxilotuak askatzea galdegin eta tortura arriskuaz ohartarazi zuten. San Inazion ere mobilizazioa egin zuten.

Zornotza Eginez plataformak ere salatu du gertatutakoa, prentsa ohar bidez. Atxilotuek jasan dezaketen tratuagatik «kezka» agertu eta zera adierazi du: «Egunotan bakea eta normalizazioa hitzetik hortzera erabili arren, Estatuak errepresioaren aldeko apustua egin du, baina ezker abertzaleak eutsi egingo dio hartutako bideari, eta ez die probokazioei erantzungo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.