Cristina Bustintze. Kalamua hartzen duen gaixoa

«Atzo, ezin nintzen etxetik atera; gaur, parlamentuan nago, hitz egiten»

Eritasunarekin bizitzeko aukera eman dio kalamuak Cristina Bustintzeri. Botikatzat du. Parlamentari nafarrei azaldu die zergatik.

edurne elizondo
Iruñea
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Eritasunak kendutakoa kalamuak itzuli dio, neurri handi batean, Cristina Bustintzeri (Iruñea, 1968). Etxetik ateratzeko indarra. Oinazea bazter uzteko aukera. Horixe erran du Nafarroako Parlamentuaren egoitzan, Osasun Batzordeko kideen aurrean. Han hartu du hitza, Nafarroako medikuntzarako kalamu bankuko arduradun gisa; eta, batez ere, marihuana terapia moduan erabiltzen duen gaixo gisa. «Atzo ezin nintzen etxetik atera; gaur parlamentuan nago, hitz egiten».

Gaixotasunak baldintzatu ditu Bustintzeren azken urteak. 2002an «zerbait arraroa» gertatzen zitzaiola sentitu zuen. Medikuak, ordea, ez zuen berehala asmatu zerbait arraro horri izena jartzen. Hiru urte igaro ziren Bustintzek diagnostiko zehatza jaso arte: Cushing sindromea. Eritasun horren ondorioz, behar baino kortisol hormona gehiago sortzen du gorputzak; gehienetan, hipofisian sortzen den tumore baten eraginez. Horixe gertatzen zaio Bustintzeri.

«Hiru tumore izan ditut buruan; lehendabiziko biak ebakuntza baten bidez kendu zizkidaten; hirugarren aldian erradioterapia eman zidaten. Goragalea eragin zidan, eta orduan hasi nintzen kalamua hartzen».

Urrats hori egiteko, Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoko kideengana jo zuen. 2007. urtetik, medikuntzarako kalamu bankua du martxan alderdi horrek, Iruñean. «Kalamu landatzaileek doan ematen digute marihuana, eta guk ere doan banatzen dugu, modu terapeutikoan erabiltzeko, eta, betiere, gaixo bakoitzaren medikuaren idatzizko baimenarekin», azaldu du Ester Gochik, kalamu bankuaren bultzatzaileak. Bustintzerekin batera parte hartu du Nafarroako Parlamentuko lan saioan.

Gochiren ardura Bustintzek hartu du orain, bere esku, medikuntzarako marihuana bankuan. Kalamua terapia moduan erabiltzen duten gaixoek elkartea sortu berri dute, eta haiek hartu dute bankua kudeatzeko lana.

Bustintze egoitzara lehendabizikoz ailegatu zeneko unea fresko du Gochik buruan: «Ehun kilotik goiti pisatzen zuen, eta ezin zuen hitz egin». Cushing sindromeak hamaika sintoma eragiten dizkio Bustintzeri. «Insomnio kronikoa dut; antsietate eta estres kronikoa; artrosia, fibromialgia eta bertze hamaika kontu. Marihuana hartzen hasi baino lehen, hemezortzi pilula hartzen nituen egunean; orain, bakarrik zazpi. Bost urte egon nintzen etxetik atera gabe, negar batean. Gehiegizkoa zen niretzat gertatzen ari zitzaidan guztia».

Atzoko errealitate horrek ez du zer ikustekorik oraingoarekin. Aldaketa kalamuari zor diola argi du Bustintzek. «Artrosiak eragindako mina, adibidez, berehala desagertu zitzaidan marihuana hartzen hasi nintzenean».

Kalamua erre egiten du Bustintzek. «Haren eragina berehalakoa da, eta hori da nik behar dudana, oinazea bazter utzi ahal izateko. Erretzeari uzten badiot, mina berriz agertzen da». Bankuko kideek, hala ere, ez dute kalamua hartzeko modu hori gomendatzen. «Erretzeak kalte egiten du; marihuana hartzeko bertze hamaika modu daude: infusioan eta koipe edo gurin bilakatuz, bertzeak bertze».

Elkarri babesa eman

Marihuana eskuratzeko tokia ez ezik, kalamua hartzeko nola prestatu ikasteko espazio ere bilakatu dute Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoko kideek Azpilagaña auzoko haien egoitza. «Errezetak pasatzen dizkiogu elkarri», erran du Bustintzek. Kalamu bankua, gainera, marihuana botika gisa eskuratzeko tokia baino anitzez ere gehiago dela nabarmendu du. «Gaixotasun arraroak jotakoak gara bankura jotzen dugun gehienok; kasu anitzetan, medikuz mediku ibili gara zer dugun jakin arte, eta ez gaituzte beti ongi tratatu. Hemen, behar dugun goxotasuna jasotzen dugu, eta elkarri ematen diogu babesa. Asteazkenero topo egiten dugu, eta giro alaia da beti nagusi gure artean. Dantza egitera joateko planak ere egiten ditugu, nahiz eta inor ez dagoen dantza egiteko moduan!».

Egun, 25 erabiltzaile inguru ditu kalamu bankuak Iruñean. Denera, 2007tik, 65-70 pasatu dira handik. «Informazio bila ehunka pertsona etorri dira guregana», azaldu du Gochik. Informazioa zabaltzerakoan, Bartzelonako Botikarien Elkargoak prestatutako testua baliatzen dute marihuana bankuko kideek, batez ere. Kalamua jasotzeko medikuaren baimena beharrezkoa dela berretsi du Gochik. «Medikuak daki, azken batean, gaixoak zer duen, zer botika hartzen ari den, botika horien eta kalamuaren artean sor daitezkeen eraginak nolakoak diren».

Hainbat medikuk egiten dutegaixoei kalamua gomendatzeko urratsa; bertze anitzek, ordea, ez.«Egoera normalizatzen ari da, baina, oraindik ere, mediku anitzek trabak jartzen dituzte». Medikuen eta osasun sistemaren esku hartzea, ordea, beharrezkoa dela azpimarratu du Bustintzek. «Errealitatea da gaixoek kalamua hartzen dutela, eta helburua da gizarteak errealitate hori onartzea, Osasunbideak berak banatzea kalamua botika gisa».

Argi du legearen babespean marihuana botika gisa erabiltzeko aukerak areagotuko liratekeela eta urrats hori egiten duten gaixoek segurtasun eta kontrol handiagoz hartu ahalko luketela. Bankuan banatzea ez da delitu; karrikan marihuana gainean eramateagatik, ordea, 3.000 euroko isuna jaso dezake gaixoak. «Kasu anitzetan, hori da gure minak arintzen dituen botika bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.