Basauriko Ernaik ohar bidez salatu duenez, kalez jantzitako poliziek atxilotu zuten Iker Urtueta 23 urteko gaztea, atzo, 18:30 aldera. Bi lagunekin etxetik ateratzera zihoala atzeman zuten zortzi polizia inguruk, eta polizia etxera eraman zuten, kalteak eragitea leporatzen ziotela esan ondoren. Gaur pasatu da gaztea epailearen aurretik, abokatuarekin, eta aske utzi dute ondoren.
Ernaik azaldu du hainbat ekintzarekin izan dezakeela lotura atxiloketak: gaitz larriak dituzten presoen egoera salatzeko, PreSOS leloa idatzi zuten Espainiako Poliziak Basaurin duen kuartelaren kanpoaldean, joan den ekainaren 12an, Denak ala inor ez kanpainaren barruan. Uztailaren 14an, berriz, Carrefour saltokian egin zuten ekintza bat, Israelek palestinarren aurka hasitako erasoaldia salatzeko.