Jaurlaritza/Batasuna

Atzo Ibarretxerekin bildu zirela onartu du Arnaldo Otegik, baina bi aldeen artean ez dagoela "elkarrizketarik" nabarmendu du

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria Batasuneko ordezkaritza batekin bildu zen atzo. 'El Correo' egunkariak zabaldu du gaur albiste hori, eta Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagiak hala gertatu zela baieztatu du. Nolanahi ere, "Jaurlaritzaren eta ezker abertzalearen artean" ez dagoela "elkarrizketarik" azpimarratu du Otegik; hain zuzen ere, "EAJk elkarrizketaren itxurak" saldu nahi dituela salatu du, eta horregatik eman diola 'El Correo'-ri bilkuraren berri.

2003ko uztailaren 24a
17:41
Entzun
Ibarretxerekin haserre agertu da Otegi. Izan ere, argi dauka batzarraren albistea Jaurlaritzak eman diola 'El Correo'-ri eta filtrazio onartezina iruditzen zaio; batik bat, atzokoaren aurreko bilera ere filtratu egin zutelako."Lehendakariak deitu gintuen atzoko batzarrera, eta esan genion aurreneko gauza aurreko filtrazioarekin oso haserre geundela izan zen. Halaber, argi eta garbi adierazi genion gure susmoa zela gaur 'El Correo'-n atera zedin antolatu zuela bilera, eta asmatu egin dugu", azaldu du Batasuneko buruzagiak.

Jokabide horrekin helburu garbi bat dauka Jaurlaritzak Otegiren iduriko: gizarteari sinestaraztea ezker abertzalearekin harremanetan direla. "Ezker abertzalearekin elkarrizketak dituztela saldu nahi diote iritzi publikoari, eta hori lortzeko taktika bat dira bilera hauek: filtratzeko eta ez dauden elkarrizketa batzuen pantonima egiteko", adierazi du Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak.

Ezker abertzalearekin benetako elkarrizketa giro bat sortu nahi badu, baldintza bat jarri dio Otegik Ibarretxeri: maiatzaren 25ko hauteskundeetan parte hartu ezinizan zuten udal plataformetako eta AuBko hautetsien ordezkaritza errespetatzea. "Herritarrek maiatzaren 25ean adierazitako borondatea errespetatu beharko luke, eta Hiruko Gobernua osatzen duten alderdiek ezker abertzaleari 300 zinegotzi baino gehiagolapurtzeko saioa bertan behera utzi beharko lukete".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.