Itsasoko hainbat larrialdi zerbitzuk berriro ekin diote gaur atzo itsasoan galdu ziren hiru lagunen bila. Atzo gauean bilaketa bertan behera geratu ostean, gaur Itsas Salbamenduko, Gurutze Gorriko eta Ertzaintzako hainbat ontzi atera dira Kantauri Itsasora, Zierbena (Bizkaia) eta Castro (Espainia) arteko kostaldean, bila, 07:30ak inguruan. Helikoptero bat ere ari da bilaketan parte hartzen.
Galdutako lagunak beste bi pertsonekin batera atera ziren ostegun gauean berdeletara. Itsaso kolpe batek, ordea, itsasontzia irauli egin zuen atzo. Hamaika orduz iraulitako ontzian egon ondoren, erreskate taldeek atzo 12 urteko haur bat eta 52 urteko gizon bat atera zituzten itsasotik.
Gaur jakin denez, itsasoa bare zegoen ezbeharra gertatu zenean, eta harrapatutako berdelen pisuaren laguntzaz olatu txiki batek irauli zuen ontzia. Hiru desagertuetatik bat hondoratu egin zen oinetakoetan ura sartu zitzaiolako, beste batek buia baterantz egin zuen igeri, eta hirugarrena itsasontzi batzuetarantz joan zen igerika laguntza eskatzera.