Politika

Atzo legebiltzarkideek bezala, EHAK-ko presidenteak eta diruzainek deklaratu dute gaur

ETArekin lotura izatea ukatu dute berriz Juan Carlos Ramos alderdiko presidenteak eta Jesus Mari Agirre eta Sonia Jacinto diruzainek.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2008ko urriaren 31
17:11
Entzun
Juan Carlos Ramos EHAK-ko presidenteak eta Jesus Mari Agirre eta Sonia Jacinto diruzainek deklaratu dute gaur EAEko Auzitegi Nagusian, alderdi horretako kide direla-eta ETArekin lotura izatea egotzita. Erakunde armatuarekin harremanik dutela ukatu dute hirurek.

Atzo, berriz, Nekane Erauskin eta Karmele Berasategi legebiltzarkideek deklaratu zuten auzi berean inputatu gisa haiek ere. Antonio Garcia EAEko Auzitegi Nagusiko instrukzio epailearen aurrean deklaratu zuten, eta auzi horren harira Espainiako Auzitegi Nazionalean zein Auzitegi Gorenean esandakoak errepikatu zituzten. Akusazioak ukatu, eta ez dutela ez ETArekin ez Batasunarekin zerikusirik azaldu zioten epaileari. EHAK-ren legebiltzar taldeko kide direla eta lan parlamentarioa besterik ez dutela egiten azaldu zuten. Legebiltzar taldeak «autonomia osoz» jarduten duela ere azaldu zuten; ez diotela sekula ez ETAri ez Batasunari inolako laguntzarik eman.

«Hemen ikusten da salbuespen egoeran gaudela Euskal Herrian», adierazi zuen Erauskinek auzitegiko atarira iritsitakoan. «Gaur ere deklaratzera etorri behar dugu legebiltzarkide batzuek, eta ez da lehen aldia».

Halako auzien oinarrian Alderdien Legea dagoela ohartarazi zuen Erauskinek. Ez dela oinarri horren inguruan eraikitako lehen auzia eta ez dela azkena izango esan zuen. Urtarrilean Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta PSE-EEko zein Batasuneko ordezkariak epaituko dituztela gogorarazi zuen. «Honek guztiak erakusten du salbuespen egoeran gaudela eta honi irtenbidea bilatu behar diogula, ideia politiko guztiak aukera berdintasunean gauzatzeko aukera izan dezaten». Horretarako, ordea, Alderdien Legea indargabetzea ezinbestekoa dela ohartarazi du. Halaber, EHAK-ko legebiltzarkideek orain arteko lanean jarraituko dutela hitz eman zuen.

50 bat lagunen txalo artean sartu ziren legebiltzarkideak auzitegira. «Salbuespen egoera» salatu eta demokrazia aldarrikatu zuten. Ramos, Agirre eta Jacintok gaur deklaratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.