Txirrindulari bat hil zen atzo goizean Basaurin (Bizkaia), BI-625 errepidean, kamioi batek jota. Gaur Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, istripuaren ondoren droga azterketa egin zioten kamioi gidariari, eta positibo eman du. Horren ondorioz, homizidio arduragabea egotziko diote.
Kolpearen eraginez, bertan hil zen txirrindularia. 55 urte zituen, eta Elorriokoa zen. Galdakaoko erietxera eraman zuten kamioi gidaria, antsietateak jota. 11:25ean gertatu zen ezbeharra; atzo goizean bertan, Basaurin gertatutakoa baino lehen, beste txirrindulari bat zauritu zen Sopelanan, auto batek jota.
Bestalde, homizidio arduragabea egotzita inputatu dute atzo Iruñean oinezko bat harrapatu zuen kamioilaria. Iluntzean gertatu zen ezbeharra, eta bertan hil zen andrea.