Espainiako Poliziak ETArekin lotzen ditu atzo 08:30ean Valentzian atxiloturiko bi lagunak. Polizia iturrien arabera, Mikel Orbegozo eta Sara Majarenas donostiarrak dira atxiloturiko lagunak. Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak jakinarazi zuenez, lehergailuak, armak eta dokumentazioa atzeman dizkiete atxiloturikoei. Gainera, biak ekintzak egiteko prest zegoen talde bateko kide liberatuak direla azpimarratu zuen. Halaber, Orbegozok eta Majarenasek «berehala» atentatua eginen zutela dioten zantzuak aurkitu dituztela dio Alonsok.
Nahasmen handia
Nahasmen handia izan zen atxiloketen inguruan. Hasieran zenbait berri agentziak zabaldu zuten atxiloketak Valentziako udaletxearen ondoan gertatu zirela, poliziak «susmagarri» ziren bi lagun identifikatzera joan zirenean. Une horretan, gizonak pistola atera zuela diote, eta polizien kontra tiro egiten saiatu zela; baina, azkenean tiro egin gabe korrika alde egiten zuten gizonak eta emakumeak, eta poliziek biak atzematea lortu zuen.
Geroago, polizia iturriek zabaldu zuten emakumea ostatu batean atxilotu zutela eta gizona etxe horretatik gertu dagoen Linterna kalean. Ostatua San Vicente eta Periodista Azzati kaleek bat egiten duten lekuan dago, Pasaje de la Sangre izeneko zonaldean. Eraikina udaletxeko Plazatik metro gutxira dago, udaletxe parean. Atxiloketaren ondoren, poliziak bi lagun horiek alokaturik zuten ostatuko gela miatzera joan ziren. Polizia iturrien arabera, hiru lagunek hartu zuten ostatu bigarren solairuan, baina batek ihes egitea lortu zuen. Beraz, operazioa zabalik dago oraindik. Atxiloketak egin eta denbora gutxira poliziek ostatutik gertu zeuden etxebizitzak hustu eta ostatuaren inguruko dendak eta kaleak itxi zituzten . Gainera, ostatuan zeuden bezero eta langileak atera zituen Poliziak. Udaletxetik ere langile guztiak atera zituzten, eta lehergailuetan adituak diren poliziek zenbait egoitza eta inguruetako hainbat auto miatu zituzten. Lau orduz miaketa egin ondoren, zenbait kutxa eta poltsa atera zituzten. Arratsaldean bi atxilotuak berriro eraman zituzten ostatuko gela miatzera.
Poliziak dio «atentatua egiteko prest» zeudela
Polizia iturriek zabaldutako informazioaren arabera, lapa-bonba atzeman zuten ostatuan eta atxilotutako bi lagunek datozen egunotan atentatua egiteko asmoa zuten, Europako Konstituzioaren inguruko erreferenduma baino lehen.
Lapa-bonbaz gain, Espainiako Poliziak honakoak aurkitu dituela esan du: titadine markako 100 gramoko 25 kartutxo, 350 gramo dinamita, lapa-bonba muntatzeko kita, hiru detonagailu, lau kordoi detonatzaile eta bederatzi milimetroko Sig Sauer Parabellum pistola.
Halaber, atxilotutakoek nortasun-agiri faltsuak zituztela zabaldu zuen Poliziak. Valentziako Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Miquel Dominguezen arabera, atzemandako dokumentazioaren artean Valentziako Erkidegoko politikarien zerrenda egongo litzateke. Bestetik, Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak jakinarazi zuenez, Valentzian eginiko atxiloketek azken egunotan Euskal Herrian abiatutako polizia operazioarekin eta Garikoitz Aspiazu ETAko ustezko kideari atzemandako informazioarekin zerikusia dute. Espainiako fiskal nagusiak azaldu zuenez, Aspiazuk hilketa bat egiteko agindua eman zien atzo atxilotutakoei. «Atxiloketa garrantzitsuak dira oso, hiltzera etorri direlako», adierazi zuen Conde-Pumpidok.
Atxiloketak
Atzo Valentzian atxilotutako bi lagunak Madrilera eraman dituzte
Espainiako Poliziak Mikel Orbegozo eta Sara Majarenas Donostiarrak atxilotu zituen atzo Valentzian, ETAko kideak direlakoan. Atzo biek ostatu hartu zuten lekua maitzen aritu ziren, eta Valentzian bertan eduki zituzten, Espainiako EFE berri agentziak Polizia iturriak aipatuz gaur esan duenez, atxilotuak Madrilera eraman dituzte, gaur goizaldean. Iturri berberak aipatuz, zera dio EFEk: poliziak inkomunikazio epe guztia agortuko dutela ziurrenik, bi atxilotuak Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu