Etxegabeak

Atzo zaborra biltzeko kamioi batean aurkitutako gorpua etxegabe batena da

Hildako gizona madrildarra zen, eta 27 urte zituen. Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

Zaborra biltzeko kamioi bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
2021eko maiatzaren 14a
15:49
Entzun

Atzo Orkoiengo hondakin enpresa batean topatutako gorpua gazte etxegabe batena da, Diario de Navarra egunkariak jakinarazi duenez. 27 urte zituen, eta Madrilgoa zen sortzez, baina asteak zeramatzan Nafarroan.

Atzo goizean aurkitu zuten hilotza, zaborra biltzeko kamioi batean. Hondakinak kudeatzeko lantegiko beharginek aurkitu zuten, euren birziklatzeko enpresara papera eta kartoia zeramatzan kamioi batean.

Enpresak atzo 15:00ak aldera jakinarazi zien larrialdi zerbitzuei hilotz bat aurkitu zutela. Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institutura eraman zuten gorpua, autopsia egin ziezaioten. Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegia ari da auzia ikertzen.

Urteko laugarrena

Jakinarazi berri duten heriotzarekin, urtea hasi zenetik orotara kalean bizi ziren lau pertsona hil dira Euskal Herrian. Urtarrilean, 56 urteko gizon baten gorpua topatu zuten Hendaian (Lapurdi), auto batean. Era berean, urtarrilaren erdialdera abenduaren amaieran desagertutako etxegabe baten gorpuzkiak aurkitu zituzten Getxoko Arrigunaga hondartzan (Bizkaia). Barakaldoko gizon batenak ziren; 34 urte zituen, eta kalean bizi zen. 51 urteko gizon bat dago kartzelan, behin-behinean, hura hiltzea egotzita.

Gainera, martxoaren 12an, Piotr izena zuen 23 urteko gizon gaztea zendu zen Bilbon bertan. Poloniakoa zen jaiotzez, baina bi urte zeraman Euskal Herrian. Peter deitzen zioten auzoan. Duela astebete eman zuten heriotzaren berri, eta etxegabeen egoera salatzeko mobilizazioak egin zituzten. Bilboko udalbatzan ere landu zuten gaia, eta Juan Maria Aburto alkateak ziurtatu zuen «lehentasunezkoa» zela etxegabeei irtenbidea ematea. Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak «egiturazko neurrien» beharra azpimarratu zuen.

Martxo amaieran ere, beste emakume etxegabe bat hil zen Bilbon. Emakumea kalean bizi zen, eta gizarte zerbitzuen arta jasotzen zuen. Fatima zuen izena. Gaur egun, etxegabeen %15 dira andreak, 2010ean baino bost puntu gehiago.

Etxegabeak, geroz eta gazteagoak

Etxegabeen soslaia aldatu egin da: gazteagoak dira, eta batez ere etorkinak, adituen arabera. Emakumeak ezkutuago egoten dira, bestalde, eusteko joera dutelako. Haiekin lan egiten duten eragileek uste dute «hobetu» egin behar direla erantzunak. Iruñeko Udaleko etxerik gabekoen arreta zerbitzuez arduratzen den Xilema fundazioak berriki BERRIAri azaldu zionez, gazteen kasuak nabarmen areagotzen ari dira. Aldi baterako aterpeetan hartzen dituztenen %85 gizonezkoak omen dira, eta gainontzekoak emakumeak, baina gero eta gazte gehiago artatzen dituzte. Programa horietan artatutako gazteak %5 ziren 2010ean, baina, egun, %12 inguru dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.