Atxiloketak

Atzoko atxilotuak Parisera eraman dituzte gaur, inkomunikatuta

Guardia Zibilak Asier Bengoaren etxea miatu du bat, Gasteizen. Frantziako eta Espainiako Barne sailek gaur esan dute "segurua" dela ustezko bi etakideak Capbretongo tiroketan izan zirela, "froga biologikoak daudelako". Parisko Fiskaltzak, aldiz, "zuhurtzia" eskatu du egiletzaz. Bala frogen arabera, haien armak ez ziren erabili larunbateko erasoan.

2007ko abenduaren 6a
19:08
Entzun
Atzo Chateauneuf de Randon herrian (Lozere, Frantzia) atxilotu zituzten ustezko bi etakideek inkomunikatuta segitzen dute, Frantziako Poliziaren esku, eta gaur arratsaldean eraman dituzte Parisera, orduotan epailearen aurrera eramateko. Montpellierko polizia-etxean egin dute gaua.

Tolosatik hurbil dagoen herri txiki hartako autobus geltokian gertatu zen atxiloketa. Hasiera batean, polizia iturriak aipatuz, bi izen eman zituzten berri agentziek: Asier Bengoa Lopez de Armentia eta Amaia Alonso. Iluntzean, ordea, neska Saioa Sanchez Iturregi zela aipatu zuten zenbait berri agentzik. Gaur Frantziako Poliziaren iturriek diote Bengoa eta Sanchez direla atxilotuak. Jean Claude Marin Parisko fiskal nagusiak, baina, emakumezkoa Amaia Alonso dela esan du.

Bart Guardia Zibila Bengoaren etxean izan da, Gasteizen, miaketa egiten, Gorbea kaleko 46. zenbakian. Gauerdian sartu eta goizeko seiak arte egon dira. Material asko eraman dute.

Bi haiek joan den larunbatean Capbretonen (Landak, Frantzia) bi guardia zibilen kontra izan zen tiroketan parte hartu zuten ikertzen ari da Frantziako Polizia -bi poliziak hil dira; azkena, atzo-. Ustezko hiru etakidek hartu zuten parte eraso hartan, bi gizonek eta emakumezko batek. Astelehenean, aldiz, bikote bat auto bat lapurtzen ahalegindu zen Gabilloun (Dordoina, Frantzia). Lapurreta ahalegin harekin lotzen du poliziak atzoko atxiloketa.

Autoa lapurtzen ahalegindu zirenak Capbretongo tiroketan parte hartu zuten haiek berak zirelako ustea zabaldu zuten polizia iturriek. Lapurreta ahalegin hartan eta Capbretongo tiroketan parte hartu zuten jakin nahi du, orain, Poliziak. Frantziako Barne Ministerioak gaur esan du "segurua" dela bi atxilotuak Capbretongo tiroketan izan zirela. Gauza bera adierazi du gaur Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne ministroak, "froga biologikoak daudelako".

Marin Parisko fiskal nagusiak, baina, "zuhurtzia" eskatu du egiletzaz. "Oraindik goiz da atentatua egitea leporatuko dieten edo ez jakiteko", esan du Marinek.

Bala frogen arabera, ustezko bi etakideei atzo atzeman zizkieten armak ez ziren erabili Capbretongo erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.