Frantziako Poliziak Guardia Zibilarekin elkarlanean atzo ustezko bi etakide atxilotu izana, "ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik elkarrizketarako borondatea erakutsi duenean, Euskal Herrian ireki den prozesuaren aurkako eraso larria" dela uste du Gernikako Akordioak. "Irakurketa hori egiten ari dira Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko gehienak, baita nazioarteko pertsonalitate garrantzitsu asko ere", dio hainbat euskal eragileren bilguneak gaur, prentsa ohar batean.
Ugaitz Errazkin hernaniarra (Gipuzkoa) eta Jose Javier Oses burlatarra (Nafarroa) atzeman zituzten atzo goizean Okzitaniako Tolosatik 80ren bat kilometrora, Albin. Poliziak dio biek armak zituztela etxean. Errazkin eta Oses Tolosako polizia etxean dauzkate, Parisera epailearen aurrera noiz eramango.
"Euskal Herria eta nazioarteko komunitatetik bidaltzen ari den mezua argia da: konponbide demokratikoaren norabidean urratsak egin behar dituzte Espainiako Estatuak eta bidelagun duen Frantziako Estatuak, blokeoaren estrategia baztertu eta, behingoz, normalizazio politikoaren alde jarrera aktiboa hartu behar dute", esan du Gernikako Akordioak. "Tamalez, badirudi konponbidearen kontrako norabidean ari direla urratsak egiten. Sorturen legalizazioaren biharamunean, ilegalizazioaren mamua berriz ere Bilduren bizkar gainean jarri dute eta atzo atxiloketak ezagutu genituen".