Atzokoa, hildako gehien erregistratu diren eguna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Koronabirusaren ondorioz 52 pertsona hil ziren atzo. Jaurlaritzak proba gehien egin dituen eguna ere izan da, test azkarren erabilerari esker.

Donostiako ospitaleko langile batzuk txaloka, joan den astean. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko apirilaren 8a
13:25
Entzun

Koronabirusaren pandemia hasi zenetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egun bakarrean erregistratu den hildako kopuru handiena da gaur Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duena: 52. Mikel Sanchez Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkariak eman ditu azalpenak, eta aitortu du «datu oso txarra» dela; «bereziki kezkatuta» agertu da «adin nagusiko pertsonak eta aurretiaz gaixotasunak zituztenak» pairatzen ari diren kalteekin. Guztira, 638 dira EAEn COVID-19ak hildakoak.

Azken egunetan baino kasu berri gehiago ere baieztatu ditu Sanchezek, 431. Kasu berrien joera beheranzkoa izaten ari zen, baina egindako froga kopurua handitzearekin batera egin dute gora baieztatutako kasuek ere. Zehazki 1.698 froga egin zituen atzo Jaurlaritzak, pandemia hasi zenetik egun bakarrean egin dituen gehien. Test azkarrak erabiltzen hasi izanaren ondorioa da; Sanchezek azaldu zuenez, «zahar etxeetan sintomak dituztenei» egin dizkiete froga horiek.

Ondorioz, 9.452 koronabirus kasu daude baieztatuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 1.559 daude ospitaleratuta. Lurraldeka, 4.968 pertsonak eman dute positibo Bizkaian, 2.806k Araban eta 1.678k Gipuzkoan. 

«Egoera lasaiagoa»

Dena den, eta hildakoen datua «lazgarria» den arren, egoera hobera egiten ari dela esan du Sanchezek. Atzo baino 166 ospitaleratu gutxiago daudela azpimarratu du, eta ZIU Zaintza Intentsiboetako Unitatean 80 ohe dituztela libre: «Ospitaleetan lasaiagoa da egoera». Osakidetzak 4.151 laguni eman die sendagiria. 

Azkenik, Osakidetzak eta Jaurlaritzako Osasun sailak Serpa enpresarekin elkarlanean garatu duten tresna teknologiko berriaz jardun du Sanchezek. Adimen artifiziala darabil sistema horrek, eta, besteak beste, Zaintza Intentsiboetako Unitateetan «etorkizunean eman beharreko pausoak aurreikusten» lagundu diela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.