IRITZIA. EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Aulki dantza

AIZPEA LEIZAOLA
2005eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Atzoko emaitzak ikusita, tripartitoarenak egin du. Bestelako kideak bilatu beharrean da PNV Jaurlaritza mantentzeko. Agintaldi eternoaren bidean den PNVk bidaideak hautatu behar ditu, gehiengo absolutuaren aukerak guztiz bereak egin duen honetan. Orain lau urteko hauteskundeekin alderatuta, giroa ere aldatu da. Hasi kanpainan erabilitako esloganetatik. Beldurraren diskurtsotik nolabaiteko kooperazioaren diskurtsora: aurreko hauteskundeetan maletak gora eta behera ibili ziren partidu politikoek lau urte beranduago, «guztiak» eta «elkarrekin» ibili dute aho bete. Datozen hilabeteek emango digute kanpainako esaldi eta adierazpenen neurria. Beste berrikuntza nabarmena Ezker Abertzalearen ingurukoa izan da, dudarik gabe. Alderdien legeak markatu du kanpainako inkognitarik handiena. Ilegalizazioaren bidetik hauteskunde prozesutik kanpo utzitako Batasuna eta Aukera Guztiak herri plataformak bide eman diote EHAK partidu berriari. Askorentzat ezusteko emaitzak lortu dituena. Ezker abertzalearen isla sozialaren neurria eman duena. Aralarren eserleku bakarrak baino areago. Ikusteko dago orain zein punturainoko giltza izateko aukera eta borondatea izango duten batzuek eta besteek.

Habemus lehendakari. Vatikanoko konklabea hasi berria den honetan, erkidegoko herritarrok badugu zeinek agindu. Beste lau urtez. Ezusteko aliantzarik ez bada behintzat. Aurreko esperientziak ikusita, handiek handiekin joeraren beste adibide bat ikusiko ditugun zantzuak daude, PSOE oposiziotik gobernurako bidean. Tentu handiz ibili baitira sozialistak aliantza kide posibleei zegokienez. Iraganean izan dugu honelako ezkontzaren adibiderik. Aulkiak banatuta dauden honetan, ikusteko dago orain gatazkaren konponbidea zertan geldituko den edo aulki dantzan jardungo duten. Aulkiez gain, mahaia ere ezinbestekoa delako. Orain hasten da diskurtsoetatik haratago joateko borondatea praktikan ikusteko epea. Datozen egunetako sukalde lanek kanpainak baino eragin handiagoa izango dute. Ez da dudarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.