Auñamendi Entziklopedia euskal kultura eta gizartearen inguruko lanik osatuena da egun. 1969an argitaratzen hasi zen Auñamendi editorialak bultzatuta. 1996tik geroztik, Eusko Ikaskuntzak bere gain hartu zituen haren digitalizazio, katalogazioa eta saretze lanak. Orduz geroztik, eguneratze eta sakontze lan jarraian murgilduta dago. Egun, 67.000 irudi eta 120.000 artikulu baino gehiago eskaintzen ditu dohainik sarean.
Gaur, diseinu eta webgune berria aurkeztu dute. Eusko Ikaskuntzaren esanetan, "orain dela 50 urte ibilbidea hasi zuenetik gidatu zituen kalitate-irizpideei jarraikiz, diseinu berriak erraztasuna eta gardentasunaren aldeko apustua egiten du, testuei eta multimedia baliabideei garrantzia emanez". Berrikuntzen artean, bilaketa prediktiboko sistema dago, erabiltzaileek behar dituzten emaitzak "azkar eta eraginkorki" eskura ditzaten.
Artean, hezkuntzan, generoan, euskal antropologian eta beste hainbat gaitan erraz sakontzeko xedez, Nabarmenduak atala egokitu dute: "Aberasten joango den atala izango da, gaien kalitatezko eta interes biziko sintesiak eskainiz".