Apirilaren 17an zein hautagaitza lehiatuko diren jakiteko goiz da, zerrendak aurkezteko epea herenegun bukatu bazen ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratuko ditu aurkeztutako zerrendak, hilaren 23an Hauteskunde Batzordeak onartutakoak eta, biharamunean, Auzitegi Gorenean inpugnazioak aurkezteko epea zabalduko da. Martxoaren 31 arte ez da argituko zenbat hautagaitza lehiatu ahal izango diren.
Zerrendak nork osatzen dituen jakina da, hala ere. Berrikuntza nagusia Berdintasunaren Legea bete beharra izango da, zerrenda guztietan erdiak emakumeak izango baitira, goiko postuetan bezala behekoetan. Zerrendaburuen artean emakumezkoak gutxiengo dira, hala ere: San Gil (PP); Goirizelaia eta Peña (Batasuna); Bilbao (Ezker Batua); Ezenarro (Aralar); Ana Arbulu eta Irati Salaberria (Aukera Guztiak) eta Enriqueta Benito (UA).
EAJ-EA koalizioaren barruan,EAJk hiru zerrendaburuei eutsi die (Ibarretxe, Atutxa eta Egibar), baina EAk bi aldatu egin ditu: Larreinak bigarren postuan errepikatuko du, Gipuzkoan Ziarreta izango da bigarren (Knorren ordez) eta Bizkaian Azkarraga laugarren (Intxaurragaren lekuan). Ezker Batuan ez dago aldaketarik goiko postuetan (Bilbao, Madrazo eta Karrera).
PSE-EEn hiru zerrendaburuak aldatu dituzte: Bizkaian Patxi Lopezek Redondoren lekua hartu du, Gipuzkoan Miguel Buenek Huertasena (Espainiako Kongresuan orain), eta Araban Gebara jeltzale ohiak hartu du Rojoren lekua (Espainiako Senatuko presidente, gaur egun). PPn, Mayor Oreja, Iturgaitzeta Rabanera azken postuetara pasatu direla da berrikuntza nagusia.
Batasunan Otegik eta Goirizelaiak errepikatu egiten dute eta Peñak Morcillo ordezkatu du Araban. Hiru preso hautagai izango dira, herrialde bakoitzean laugarren.
Aralar lehenengo aldiz aurkeztuko da. Aintzane Ezenarro izango da hautagai nagusia, Gipuzkoan baitu ordezkaritza lortzeko aukera handiena.
Aukera Guztiak ekimeneko hautagai guztiak berriak dira.
EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK
Aurkeztu nahi dutenak
EAEko Aldizkariak gaur argitaratuko ditu zerrendak, baina hilaren 31 arte ez da argituko zein lehiatuko diren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu