Aurore Martin Batasuneko kidea askatu ahal izateko 15.000 euroak goizean bildu dituzte Baionan eta Donibane Garazin, herritarrek diru ekarpena eginda, haren abokatuak ondoren horrenbeste bermea ordaindu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Martin 17:00ak aldera atera da Soto del Real espetxetik (Espainia).
350 bat lagunek adierazi dute elkartasuna, diru zama bat emanez. 160 bat lagun hurbildu dira goiz honetan Donibane Garaziko Kalaka ostatura eta 200 bat lagun Baionako Pyrenees ostatura. Hain zuzen, bi gune horietan finkatua zuen atzo hitzordua Batasunak.
Batez bestean 50 euroko ekarpenak egin dituzte. Gazte edota zahar, hautetsi, eragile edota herritar xume, elkartasuna berriro anitza izan da.
"Denen mobilizazioari esker Auroren askapena marrazten ari zaigu. Gizartearen mobilizazioari esker lortuko dugu fidantza ordaintzea eta Aurore bere senideekin ondoan izaitea", esan zuen atzo Batasunak. Bake Bidea mugimenduak ere bat egin zuen sostengu dei horrekin.
Kartzelatik atera ostean, Martini ez diote jendaurreko harrerarik egingo asteburu honetan. Hurrengo batean izango da hori.
Auzitegi Nazionaleko bosgarren instrukzio epaitegiak atzo jakinarazi zuen Batasuneko kidea aske uzteko erabakia. Frantziako Poliziak azaroaren 1ean atzeman zuen, Maule inguruan, eta berehala Espainiaratu. 50 egun daramatza espetxean. Auzitegi Nazionalak esan duenez, ez zegoen zertan atxilotu, ez zuelako ihes egiteko arriskurik.
Ipar Euskal Herriko eragileek esan dute mobilizazioei esker lortu dela Martin aske geratzea, eta prozedura behin betiko desagertu arte "arretatsu" aztertuko dutela auzia.