politika

Aurore Martin Espainiaratu egingo dute, euroagindua onartuta

Batasuneko kide bezala eta "Espainian" egindako ekimenengatik soilik epaitu ahal izango du Auzitegi Nazionalak, eta ez EHAK-ko kide bezala eta "Frantzian" egindako ekimenengatik. Martinek helegitea aurkezteko aukera izango du datozen egunetan.

2010eko azaroaren 23a
15:18
Entzun
Paueko Auzitegiak onartu egin du Aurore Martinen aurkako Espainiaratzeko euroagindua. Zehaztu egin du, ordea, eta esan du ezingo dutela EHAK-ko kide moduan "Frantzian" egin zituen ekimenengatik epaitu. Beraz, soilik Batasuneko kide bezala "Espainian" egindako ekimenengatik epaitu ahal izango dute.

Aurore Martin bere oinez atera da epaitegitik, eta orain helegitea aurkezteko aukera izango du. Oraingoz berak eta defentsak ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Paueko Auzitegiaren erabakia aurrekaria izan daiteke, izan ere, Frantziar herritartasuna duen herritar baten aurka ekimen politikoengatik euroagindua onartzen den lehen aldia da. Hain zuzen, horren aurka protesta egiteko larunbatean 1.300 pertsona elkartu ziren Baionan Euroagindurik ez, eskubide zibil eta politikoen alde lelopean.

Elkartasun adierazpen zabala

Elkarretaratzea hainbat eragilek deitu zuten, besteak beste, Batasuna, AB, Europe Ecologie-Berdeak, Askatasuna, Segi, LAB, ELB, Sud-Solidaires, Giza Eskubideen Liga, Euskal Herria Zuzenean eta Anai Arteak. Europako giza eskubideen hainbat ligek ere sostengua adierazi diote Martini.

Gainera, gero eta hautetsi gehiagok ere babestu dute Martin, beste batzuen artena, Catherine Greziek, Jose Bove eta Francois Alfonsi eurodiputatuek, Alice Leizeagerre Akitaniako kontseilariak edo Alain Iriart eta Kotte Ezenarro kontseilari nagusiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.