Aurore Martinek eskerrak eman dizkie bere atxiloketaren aurka protesta egin zuten guztiei, eta gaineratu du haien mobilizazioari esker dagoela libre. "Elkartasuna adierazi didaten hautetsi guztiak eskertzen ditut, baina batez ere herritar xumeak... manifestazioetan ibili, petizioak izenpetu eta gutunak idatzi dizkidaten anonimo guztiak", Martinen hitzetan. Gainera, berak jasotako elkartasunak preso guztiei mesede egiteko nahia azaldu du. Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ere esker onak adierazi ditu zuberotarrak. Bilbon euskal preso politikoen alde eginen den manifestaziora joateko deia egin du: "Iazkoa kolosala izan bazen ere, aurtengoan oraindik jende gehiago beharko da; bake prozesua eraikitzeko beharrezkoa dugu".
Baionan egin du agerraldia Martinek; lehena, atxilotua izan eta espetxetik atera zenetik. Bertan, Martinek Parisen inplikazioa eskatu du Euskal Herrian bakea eraikitzeko. Halaber, azaldu du bere atxiloketaren atzean arrazoi politikoak ikusten dituen bezala arrazoi politikoak nabaritzen dituela aske uzteko erabakian ere.