Aurore Martin Batasuneko kideak ez du bere burua Espainiako agintarien esku utziko, eta Euskal Irratiei eta Le Journal du Pays Basque egunkariari bidalitako ohar batean, "gordetzeko" erabakia hartu duela jakinarazi du. Zehazki dio Batasunan duen ekimen politikoa segitu ahal izateko hartu duela erabakia, eta beste aukerarik ez diotela utzi gaineratu du.
"Kontrol judiziala bertan behera uztea erabaki dut beraz eta nere burua ez gehiago publikoki erakustea. Euskal Herrian naiz, zuen artean, zuei esker eta atea ideki didaten hainbat eta hainbat lagun eta sustengatzaileri esker. Euskal Herrian bada sekulan kenduko ez diguten balore bat : elkartasuna", adierazi du.
Parisko Kasazio Gorteak aurreko astean erabaki zuen Pauseko Auzitegiak hartutako erabakiaren kontra Martinek aurkeztu zuen helegitea atzera botatzea. Erabaki horrek ez duela harritu dio Martinek oharrean: "Aspalditik genekien, euskal aferetan, espainiar eta frantziar justizien papera erabaki politikoak aplikatzea dela. Seysses-en presondegiratu nindutenetik jokoa egina zen, beste guzia itxura hutsa zen, maskarada polit bat".
"Eskubide zibil eta politikoak defendatzeko ordua"
Helburua Batasuna eta ezker abertzalea "behin betikodebekatzea" dutela gaineratu du Martinek; "eta gehiago, hala iduritzen bazaie". Hain zuzen, atsekabetuta, kezkatuta eta beldurduta dagoela aitortu ondoren, "eskubide zibil eta politikoak indar guziz defendatzeko ordua" iritsi dela esan du, eta bere aurka onartutako euroaginduak aurrekaria dela eta ezer onik ez dakarrela.
"Onartezina, onargarri ote da? Noski ezetz! Baina Euskal Herriko historiak maiz erakutsi digu onartezina gerta zitekeela : estradizioak, hamarnaka euskal militante politikoren kontra galdeginak izan diren euroaginduak (Segi, Askatasuna, Udalbiltza…), legedi eta auzitegi berezien izaera Parisen eta Madrilen, torturaren erabilpena espainiar komisaldegietan, alderdi politikoen debekatzea, bi egunkariren hestea eta bertako kazetariak torturatu eta presondegiratzea, atxiloketa masiboak, Jon Anzaren desagerpena eta heriotza …".
Errepresioa normalizatua dela salatu du Martinek, eta Espainiako eta Frantziako alderdi politiko nagusiak egin ditu erantzule, "lekuan lekuko konplizeekin". Gainera, Frantziako Estatua euskal gatazkaren parte-hartzailea zuzena dela dio, eta euroagindua onartuz errepresioa eta Euskal Herriaren ukazioa, "gatazkaren oinarrian den ukazioa", berresten dituela dio.
Prozesu demokratikoan, euroagindua oztopo
Gainera, ezker abertzalea prozesu demokratiko baten aldeko urratsak ematen ari dela nabarmendu du, eta bere kontrako euroagindua eta ezker abertzalea legez kanpo mantentzea oztopo besterik ez direla dio. "Gatazkaren aktore guziek parte hartu behar lukete prozesuan normaltasun osoz, eta zentzu hortan, ezker abertzalea legeztatua izan behar litzateke Euskal Herri osoan eta honen kontrako prozedura guziak bertan behera utziak".
Edonola, eta gordetzeko erabakia Batasunaren ekimen politikoan parte hartzen segitu ahal izateko hartu duela esan ostean, Batasunak prozesu demokratikoaren aldeko engaiamendua berresten duela dio; "eta ahal dugun guzia eginen dugu hori bururaino joan dadin".
Azkenik hurbileko, lagun, militante eta hautetsiei eskerrak eman dizkie Martinek. Izan ere, bere kontrako euroaginduak protesta ugari piztu ditu, azkena pasa den ostiralean Paueko Kontseilu Nagusiak egin zuen urteko bileran. Bertan, alderdi guztietako hautetsiek euroagindua onartu izana gaitzetsi zuten. "Segi dezagun lanean, elkar gaitezen, errepresioaren kontrako harresia eraik dezagun denen artean, gatazka konpontzeko baldintzak eraik ditzagun, ipar Euskal Herriaren ezagutza politikorako baldintzak sor ditzagun".
Aldi berean, gutuna bukatzeko, "militante presondegiratu edo iheslarientzat gogoeta bat" eskatu du; "bai eta beren familientzat ere, urte ondarreko besta hauek, beren hurbilekoengandik urrun pasako baitituzte".
POLITIKA
Aurore Martinek gordetzea erabaki du, "Batasunaren ekimen politikoa segitu ahal izateko, beste hauturik" ez duela argudiatuz
Ohar batean erabakiaren azalpenak eman ditu, eta bere aurkako euroagindua onartuz, "Parisek bere hautu politikoak berretsi" besterik ez duela egin dio. Hori oztopo izan arren, Batasunak prozesu demokratikoaren aldeko engaiamendua berresten duela dio, eta hori bururaino joan dadin ahal duten guztia egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu