Aurore Martin ezker abertzaleko kideak ez du uste bere atxiloketa errepideko ohiko kontrol baten ondorioz gertatu zenik, prestatutakoa izan zela iritzi dio, "dena azkar joan zelako", AFP berri agentziari esan dionez. Mauletik gertu atzeman zuten, iazko azaroaren 1ean, autoan zihoala. "16:00etan atera ginen Mauletik, 18:00etan Paueko polizia etxean nengoen, 20:00etan mugan eta gauean Madrilen. Iruditzen zait antolatua zela dena ezusteko atxiloketa bat izateko".
Haren ustez, "horrelako erabakiak ez dira hartzen ondorioak aintzat hartu gabe". Gaineratu du kontuan hartu behar dela Euskal Herrian bizi den "garai politiko berezia".
2010ean onartutako euroagindu baten ondorioz atxilotu zuten Batasuneko kidea. Ekainetik ohiko bizimodua egiten ari zen. Hilabete eta erdi batean eduki zuten kartzelan, Soto del Realen (Espainia), eta hamabost mila euroko bermepean atera zen handik, joan den abenduaren 22an.
Martinen aurka hamabi urteko espetxe zigorra eskatzen du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, bere garaian Espainiako Estatuan Batasuna legez kanpoko alderdiaren ekitaldi batzuetan parte hartu zuela egotzita.
Dena dela, Martin espetxeratzeko arrazoirik ez zegoela onartu zuen auzitegiak abenduan, hura aske uztean, ihes egiteko arriskurik ez dagoelako.