«Ezin onartua daukagu Aurore Martin Espainian iritzi delitu batengatik kondenatzea, Frantzian ez baita delitu». Horra zer dioen Hautetsien Biltzarraren administrazio kontseiluak. Frantziako Estatuaren legediak debekatzen ez dituen iritzi artikulu eta bilera publikoengatik zuberotarra estraditatzea gaitzetsi du Christine Bessonart lehendakari duen biltzarrak. Euroagindu honen helburu bakarra «pertsona horren eta haren familia eta hurbilekoen suntsitzea» dela uste dute hautetsi horiek.
Prozedurak euskara, euskal kultura eta nortasuna «zangopilatzen» dituela diote, eta horrek «erruduntasun kolektiboaren sentipena dakarrela» uste dute.
Batasuneko militanteari sostengua erakutsi diote, beraz, nahiz argiki erran alderdi horren jarrera politikoa ez dutela onesten, «zehazki eta argiki ez duelako bortizkeria kondenatzen». Hala eta guztiz ere, «ezin onartuzkoa» daukate Martinen egoera.
Biltzarraren gisa, hautetsi andana batek dute euroagindua gaitzetsia. Guztira, 165 bat hautetsik dute «ezin onartuzko» prozedura hau bertan behera uztea exijitzen. Herriko etxeetatik hasi eta Europako Legebiltzarrera arte doa Martinen aldeko sostengua, tartean hiru eurodiputatu, Frantziako bi diputatu, Akitaniako sei kontseilari, hiru kontseilari nagusi eta 24 auzapez direla.
Elkartasuna antolaturik
Herritarrek ere elkartasuna erakusten diote Martini. Herrika dituzte bilkurak antolaturik, hainbat ekimen antolatzeko. Donibane Garazin, adibidez, abenduaren 20tik 23ra herriko etxe aitzinean karpa bat kokatuko dute, bertan eguerdi eta gau guztiz animazio zein elkarretaratzeak dituztelarik egingo.
Aurore Martinen aurkako euroagindua gaitzetsi du Hautetsien Biltzarrak
«Ezin onartuzkoa» zaie zuberotarra Espainian «iritzi delitu bategatik» zigortzea, «Frantzian ez baita delitu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu