Aurore Martinen helegitea ez dute onartu, eta laster Espainiaratuko dute

Euroagindua onarturik, lehen aldia da frantses herritartasuna duen norbait Espainiaratzea onartzen duela Frantziak

Aurore Martin, Paueko Dei Auzitegitik ateratzen. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Aurore Martin Batasuneko kidea Espainiaratzearen alde agertu da Parisko Kasazio Gortea. Ebazpen honen ondorioz, Madrilgo Auzitegi Nazionalaren eskuetan utziko dute zuberotarra ondoko egunetan. Espainiari jakinarazten diotenetik 10 egun izango dituzte horretarako. Lehen aldia da, beraz, herritartasun frantsesa duen pertsona bat Espainiaratzearen alde agertzen dela Frantziako justizia. Herenegun ezeztatu zuen Kasazio Gorteak Martinek jarritako helegitea. Hain zuzen, lehen aldiz azaroren 23an onartu zuen Paueko Auzitegiak euroagindua. Frantziako Gobernuak dekretua izenpetzea soilik falta da orain prozedura bururatzeko.

2005 eta 2008 bitartean, Ipar zein Hego Euskal Herriko hainbat herritan, Batasunaren inguruko jarduera politikoak eta publikoak egiteagatik, «Espainian, 2005etik 2008ra erakunde terrorista batean parte hartzea» leporatua zaio. Martinek berak epaiketan egin gisan, eragile andana batek gaitzetsi du prozedura, azpimarratuz Espainian legez kanpokoa izan arren, Ipar Euskal Herrian Batasuna legezkoa dela eta prozedura horrek eskubide zibil eta politikoak urratzen dituela.

Espainiak Martinen aurka eskatzen duen bigarren euroagindua da, lehena ez zelako onartua izan, «argitasun eskasagatik», epaileak zehaztu zuenez. Hau da, zehazki leporatu zitzaizkion ekinbideak zein diren, non eta noiz burutu ziren ez zegoelako zehaztua. Bigarren euroagindu horretan, haatik, egun eta lekuak zehazturik, Paueko Auzitegiko epaileak onartu zuen Espainiaratzea. Hain zuzen ere, Bilbon, Agurainen (Araba) eta Iruñean egindako ekitaldiengatik onartu zuen.

Frantzian Batasuna ez dagoenez legez kanpo, bere menpeko barrutian egindako agerraldiengatik eskaria ez onartzea deliberatu zuen. Baionan eta Uztaritzen (Lapurdi) egindako agerraldiengatik ez lukete epaitzen ahal. EHAKrentzat egindako lanarengatik ere eskatu zuen euroagindua Espainiak, baina epaileak ez zuen onartu, argudiatuz Espainiako Auzitegi Gorenak 2008an utzi zuela legez kanpo, eta Martinek 2007an egiten zuela lan haiekin. Nabarmendu zuen garai hartan EHAK taldeko kideak Gasteizko legebiltzarkideak zirela eta haien jarduna legezkoa zela. Azkenik, euskal prentsan iritzi artikuluak idatzi izana leporatzen zion Espainiak Martini. Alta, epaileak ez zuen kontuan hartu eskaria. Ez zuen alde ebatzi, ez eta kontra. Ez zuen ebazpenean aipatu. Amaia Rekarte abokatuak nabarmendu zuen ez dela ohikoa euroaginduaren eskarian agertzen den elementu bat ez aipatzea.

«Ezin onartuzko» prozedura

Zuberotarraren aurkako prozeduraren aurkako ahotsak azkar entzun dira, eta astez aste zabalduz joan da Martini adierazitako sostengua. Hautetsi, elkarte, alderdi politiko, sindikatu, kolektibo, herritar... guztiek «ezin onartuzkotzat» jo dute euroagindua, eta baita Frantziako Justiziak hori onartu izana ere. 165 bat hautetsik dute euroagindua ezeztatzea eskatu. Herriko etxeetatik hasi eta Europako Legebiltzarrera arte doa Martinen aldeko sostengua, tartean hiru eurodiputatu, Frantziako bi diputatu, Akitaniako sei kontseilari eta 24 auzapez direla.

Nazioarteko, Europako eta Frantziako Giza Eskubideen ligek ere ikusten dute prozedura horretan Frantziako eta Espainiako Estatuen artean adosturiko «Justiziaren instrumentalizazio» bat, eta, hori, «aurkari politikoak isilarazteko helburuarekin».

Ekintzen, elkarretaratzeen, eskaeren eta manifestazioen bidez entzunarazi da protesta. 1.300 lagun bildu ziren Baionan azaroaren 20an, eta 2.000tik gora abenduaren 4an.

«Aurrekari larria»

Martinen kasua «aurrekari larria» izan daitekeela esan du hastapenetik Askatasunak. Ez da Ipar Euskal Herriko herritarren aurka egiten den lehen euroagindu eskaera, eta, orain arte, Frantziako justiziak eskaera guztiak errefusatu ditu. Baina onartzen duen lehena da.

Batasuna ere kezkaturik da «Frantziak, euroagindua onartuz, Batasuna legez kanpo uztea onartzen duelako», Xabi Larralde Batasuneko mahaikideak dioenez. «Ate bat zabalik dagoela» diote hainbat eragilek, «Martinen kasua politikoki erabili nahi du Madrilek aspalditik atxilotu nahi dituen hainbat pertsona haien esku gelditzeko»,Larraldek zehaztu zuenez azaroaren 17an.

2004an, Segiko hiru lapurtarren aurka egin zen euroagindu eskaera lehen aldiz, eta Frantziako justiziak errefusatu zuen, argudiatuz leporatu zizkieten ekinbideak Frantzian ez direla legez kanpokoak, eta eskaera hori onartuko balute, Frantziako subiranotasuna urratuko litzatekeela. Beste bi eskaera egin ziren, Askatasuneko bozeramailearen aurka eta Kontxi Iglesias lapurtarraren aurka; aldi oro ezeztatu zituen Frantziako justiziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.