Politika

Aurore Martinen kontrako euroaginduaren aurka hiru eguneko protesta hasi dute Maulen

Asteazkenean manifestatzera deitu du Euroaginduaren aurkako kolektiboak.

2011ko uztailaren 11
15:27
Entzun

Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako euroaginduaren kontra protesta egiteko hainbat lagunek hiru eguneko kanpaldia hasi dute Mauleko herriko etxearen aitzinean, Euroaginduaren aurkako kolektiboak deituta. "Aurorek ez du Frantzian legez kanpokoa den ezer egin", salatu du gaur goizean kanpaldian parte hartzen ari direnetako batek. Mauleko auzapez Mixel Etxebestek bat egin du deialdiarekin.

Kanpaldia "Euskal Herrian eta bestetan sortu herri harresiaren segida" dela esan dute antolatzaileek, eta helburu herritarrak informatzea duela, euroaginduak duen aplikazioaz eta horren ondorioez. Kolektiboak, besteak beste, Zuberoako hautetsiak, arduradun politiko eta sindikalak, eta elkarteak gonbidatu ditu eztabaidan parte hartzera, baita uztailaren 13an Maulen 18:30ean egingo den manifestazioan parte hartzera ere.

Manifestazioaren aurretik hainbat ekitaldi deitu dituzte. Gaur musika gaualdia izango da 20:00etatik aitzina. Bihar eguerdian giza katea egingo dute eta 19:00etan mahai-ingurua, Anais Funosas eta Claude Larrieu euroaginduaren kontrako Euskal Herriko kolektiboko kideekin eta Zuberoako zenbait hautetsiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.