"Oso pozik" eta "oso-oso gustura" dago Igartua atzo Tolosan gertatutakoarekin, "hitzez ezin adierazi" nola dagoen, "dena ezin hobeto atera" zelako, eta helburuak "beteta" daudelako: "Ez ekonomikoak soilik. Giroa espero baino hobea izan zen". Laskorain Ikastolak dituen behar guztietarako ez du emango atzo bildutakoak, Igartuak esan duenez, baina "asko-asko" lagunduko du.
Zazpi kilometroko ibilbidean elkartu ziren milaka euskaltzale atzo, goizean-goizeko euri jasaren beldurra uxatu eta eguzkiaren goxotasunean festaz gozatzera. Hamaika eskaintza, heldu eta haurrentzat, eta 2.500 boluntariori esker arrakastatsua izan da aurtengo jaia. Sei gunetan eskaintza oparoa izan zen: ikastola berrian, Zabalarretan, San Blas Ermitan, Zumardiandian, Lizardin, San Estebanen eta Usabalen.
Emeterio Zaldibiak inauguratu zuen jaia, hamasei urtean Laskorain ikastolako zuzendari izandakoak, eta ikasle eta irakasleek omenaldi beroa egin zioten. Ondoren, lekukoa Orioko Ikastolako arduradunen esku utzi zuten. Han elkartu ziren Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko politikariak, baita gizarte eta kultura eragile asko ere.
Egoitza berria ordaintzeko beharrean da Laskorain ikastola. 1.500 ikasle inguru ditu egun. Azken hamar urteetan 400 ikasle gehiago hartu dituzte. 2011-12ko ikasturtean egoitza berri bat ireki zuten, Sakramentinoetan. Egoitza hori ordaintzeko ezinbestekoa zaie Kilometroetan jasotako dirua.
Hezkuntza erreformaren kontrako aldarrikapena
Ikastolen jaia aldarrikapenerako eguna ere bilakatu da, hezkuntza erreformaren kontrako aldarria: Cristina Uriarte EAEko Hezkuntza kontseilariak uste du hezkuntza komunitateak bat egin behar duela, "mamuari aurre egiteko". Uriartek argi utzi nahi izan du ez dagoela prest euskal hezkuntza sistemaren interesen kontrako ezer onartzeko. Hezkuntza sistemak ez du interesak eta beharrak zein diren esango dion "kanpoko inoren beharrik".