Elkarteek zabaldutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 30.000 ijito inguru bizi dira gaur egun. Oscar Lizarraga Kale Dor Kayiko elkarteko eledunak Bilboko ekitaldian azaldu du "irudi desitxuratua" dutela herritarrek ijitoei buruz. "Ez gara arazo sortzaileak. Egia da badagoela gizartetik baztertutako jendea, baina hori ez da ijitoen artean soilik gertatzen, nahiz eta jendeak ijitoen gaitzat jotzen duen hori".
Herritarren artean iritzi okerrak baztertu egin behar dutela nabarmendu dute gaurko ekitaldietan. Euskarari keinua egin nahi izan diote Bilboko ekitaldian. Porrotx pailazoak parte hartu du. "Ijitoen kultura ere denbora luzez baztertuta eduki dute. Euskaldunona ere herri txikia da, eta hizkuntza gutxitu bat du", azaldu du. Flamenko airearekin, Kaxianoren Itsasontzi baten kantua abestu du gaztetxo talde batek.