Gaur goizean hasi dira gripearen aurkako txertoak jartzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun etxeetan. 400.000 dosi dauzka prest Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Aurten, helburu gisa jarri dute aurrekoetan baino jende gehiagori ematea txertoa, batez ere arrisku taldeetako herritarrei: adinekoei, gaixo kronikoei eta osasun alorreko langileei. Gripe gogorrik ez dute espero aurtengo.
Xedeak zenbakitan ere jarri ditu Osasun Sailak: txertoa adinekoen %65ek jartzea nahi du, gaixo kronikoen %95ek eta osasun alorreko beharginen %30ek. Rafael Bengoa Osasun sailburuak joan den ostiralean aurkeztu zuen kanpaina, eta adierazi zuen "arina" izango dela gripea, baina "goraldi batzuk" izango dituela urtarrilean eta otsailean. Bi milioi euro gastatu dituzte txertoak erosten, iaz baino 400.000 euro gutxiago.