EAE-Ko 2015eko aurrekontuak

Aurrekontu berrien onarpena ahalbidetuko du PSEk

EAEko aurrekontuak onartzea "erraztu nahi du" PSE-EEk; EAJrekin akordioa lortu du, diru sail sozialei 35 milioi euro gehitzeko.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Iñigo Urkullu lehendakariarekin, bilera batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
2014ko azaroaren 21a
10:48
Entzun

EAJrekin akordioa itxi duela jakinarazi du PSE-EEk, 2015eko EAEko aurrekontuek aurrera egin dezaten "errazteko" asmoz. Esan dutenez, sozialistek diru sail sozialetarako erabili nahi dute aurrekontuetan ageri den 35 milioi euroko "marjina", negoziazioetan lortutakoa.

Dirudienez, PSE-EEk abstentzioaren alde joko du aurrekontuak onartzeko Eusko Legebiltzarreko bozketan, EAJk bere plana aurrera atera ahal izan dezan. Halere, EH Bilduk, PPk eta UPDk proiektuaren itzulera eskatu eta kontra bozkatuko balute, PSEk baiezko boza emango luke, aurrekontuek aurrera egin dezaten. PSE-EEko iturriek jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak negoziazioekin hasi aurretik bere aurrekontuetan gizarte politiketara bideratutako 150 milioi euro gehigarri barnebildu izana izan da akordioa lortzeko gakoa. Diru horretaz gain, EAJk 35 milioi euro gehiago gehitu dizkie gizarte gaietarako diru sailei, PSE-EErekin izandako negoziazioen ondorioz.

EAJk, berriz, PSE-EErekin akordiorako oinarria lortu izana berretsi du, baina nabarmendu du negoziazioa aurreratua badago ere ituna ez dagoela itxita. Era horretan, beste indar politikoak batu daitezen irekita utzi du akordioa.

Bi alderdiek erakunde publikoen egonkortasuneko itun bat sinatu zuten iazko irailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.