Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proposamenari bi osoko zuzenketa aurkeztuko dizkio EH Bilduk, gaur koalizioko bozeramaile Laura Mintegik iragarri duenez. Hain zuzen, gastuen eta diru sarreren ataletan egin asmo ditu zuzenketak koalizioak. Etzi batzartuko dira EH Bilduko ordezkariak eta Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua.
Gasteizen egin du agerraldi bat Mintegik. Bertan, azaldu du koalizioa ez datorrela bat Jaurlaritzak gastuen murrizketan dituen irizpideekin, "hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak bezalako gai korapilatsuei" eragiten dielako. Gaineratu du Jaurlaritzaren proposamenean 1.200 milioi euro gutxiagoko aurrekontua proposatzen dela, eta horietatik 711 milioi hiru arlo horietan moztu nahi dituztela.
Diru sarreren inguruan, Mintegik esan du Jaurlaritzak "erraz" jarduten duela "erakunde arrotzen" aurrean, eta erantsi du jarrera "otzana" duela Europako Batasunak eta Espainiak "inposatutako politika ekonomikoen aurrean".